Egun on, lankide,

Atzo burutu beharreko Mahai Negoziatzailea bertan behera geratu zen Eusko Jaurlaritzako ordezkaria ez baitzen bertaratu. Ezuste horren ondorioz, Mahai Negoziatzailea martxoaren 4era atzeratu zen.

Kudeaketa langileei eragiten dizkien prozesuak ez atzeratzeko, sindikatuko kideak eta enpresako ordezkariak bertan egonda, STEILAS sindikatuak bilerako gai ordeneko puntuak lantzeko bilera aprobetxatzea eskatu eta horrela gauzatu zen:

  • Sindikatuok kudeaketa langileen ordezkoen araudiko irakurketak eta ekarpenak plazaratu genizkion enpresari. Hauek baloratu eta gero, hilaren 28an enpresak dokumentua aldaketekin igorriko digu.

  • Kudeaketa langileen barne sustapenerako dokumentuaren irakurketa ere partekatu genuen eta, sindikatuen eskaera batzuk onartuz, enpresak moldaketa batzuk egingo dizkio dokumentuari.

  • Kudeaketako langileen ordezkapenak betetzeko irizpideei dagokienez, enpresarekin posturak gerturatzeko aukerak aztertu genituen, eta bileran aipatu ziren neurriak eta proposamenak idatziz jasotzeko zain gaude. Izan ere, atzoko bileran hitz egindako guztiak Eusko Jaurlaritzaren oniritzia izan beharko luke.

* Gai hauek guztiak landu genituenean, STEILAS sindikatuak argi eta garbi utzi zion une oro enpresari kudeaketa langileek egindako eskariak aintzat hartzeko.

  • Borondatezko eszedentzien inguruan proposamen berri bat eman zigun enpresak. Proposamen honen arabera, behin-betiko langileek soilik izango dute lanpostuen erreserba urte batez (langileen inkorporazioari erantzuna ematea du helburu nagusia). STEILAS sindikatuaren ustez proposamen hau motz geratzen da eta ez da nahikoa, beraz, beharrezko ekarpenak egingo dizkiogu enpresari.

Kudeaketa langileak, bilera oraindik bukatu gabe zegoela, elkarretaratzea burutu zuten eta bere aldarrikapenak ozen oihukatu zituzten. Enpresa ezustean harrapatu zuten, eta ekintza hau oso lagungarria izan zen ordezkapenen gaian enpresa urduritu eta bere jarrera aldarazteko. Atzoko bileran hitz egindakoa dokumentuetan agertuko balitz, posturak gerturatzeko pausuak ematen hasiko ginateke.

Langileekin eta beraien aldarrikapenekin, tinko!

2019-02-22 STEILASBERRIA 9