STEILAS eta ELA sindikatuek 3 greba egun deitu dituzte Haurreskolak Partzuergoko Kudeaketa langileen kolektiboan martxoaren 28, 29 eta apirilaren 1ean

Burututako greba eta mobilizazioek eragindako presioak geldirik zegoen negoziazioa aktibatu zuen arren, azken mahai negoziatzaileetako proposamenek ez diote kolektibo honen egoerari irtenbiderik eman

Aurreko bi ikasturteetako Hezkuntza Publikoko greba eta mobilizazio historikoen ondoren, 2018ko martxoan Haurreskolak Partzuergoak LAB sindikatuarekin Haurreskoletako arazo eta aldarrikapenei erantzuten ez zien akordioa sinatu zuten, are gutxiago kudeaketa langileen arazo eta aldarrikapenei. Gainera, kolektibo honetarako zehaztasun gehiagorik gabe sinatu zen EPE deialdiak beren lanpostuak arriskuan jarri zituen. Ordutik hona, Haurreskolak Partzuergoak eta Hezkuntza Sailak oraindik ez die erantzunik eman langileen egoera prekarioari.

Egoera honen aurrean, Kudeaketa langileak 2018ko abenduaren 4tik mobilizatzen ari dira STEILAS eta ELA sindikatuen babesarekin. Sortutako presioaren ondorioz, Hezkuntza Saila eta Haurreskolak Partzuergoa mugitzen hasi dira: Kudeaketa langileen Lanpostuen Balorazio Batzordea sortu da, lan-poltsa propioak eratu berri dira, 15 urteren ondoren ordezkapenak betetzen hasi dira eta plantila %30ean handitu da. Dena den, pauso hauek oraindik ez dituzte langileen aldarrikapenak asetzen.

STEILAS eta ELA sindikatuok argi dugu, borrokan eta mobilizatzen jarraituko dugula edukiz betetako negoziazioa eman dadin, eta kudeaketa langileen aldarrikapenak lortu eta Partzuergoari betearazi arte: ordezkapenak lehen egunetik betetzea, lanpostu zerrenda duina osatzea, Hezkuntza Saileko langileekiko kategoria eta soldata parekatzea eta haien lanpostuak egonkortzea.

Horregatik, beste 3 greba egun deitu ditugu martxoaren 28, 29 eta apirilaren 1ean.

HAURRESKOLAK PARTZUERGOKO KUDEAKETA LANGILEAK BORROKAN!!!