Urtarrilaren 30ean, Pentsiodunen mugimenduaren deiari erantzunez, greba orokorra deitu dugu, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartaren eskutik. STEILASek grebarekin bat egiten du Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta osatzen dugun gainontzeko sindikatu eta eragileekin batera. Lan munduan egiturazkoa den prekariatearen aurrean, zerbitzu publikoen -bereziki Hekuntza Publikoaren suntsitzearen aurrean-, pentsioen murrizketen aurrean eta bizitzaren sostengarritasuna arriskuan jartzen duten neurrien aurrean, guk argi eta ozen aldarrikatzen ditugu lan, pentsio, bizitza eta hezkuntza duinak!

Garaia da azken urteotan murrizketekin kendu diguten guztia berreskuratzeko eta benetako aldaketa soziala gauzatzeko norabidean urratsak emateko. Pentsio, bizitza, lan baldintzak eta hezkuntza duinak nahi eta exijitzen ditugu. Horregatik guztiagatik, planeta suntsitzen ari den sistema ekonomiko eta kapitalista, neoliberal eta heteropatriarkal honi aurre egiteko mobilizazio eta grebara joko dugu. Bestelako eredu bat eraikitzeko alternatibak garatzen ari garenok: langileok, sindikatuok, pentsiodunok, feministok, gazteok, ikasleok, ekologistok, eskubide sozialen alde eta arrazakeriaren kontra borrokatzen dugunok urtarrilaren 30ean kaleak beteko ditugu gure aldarrikapenekin.

Sektore bakoitzaren aldarrikapen propioek lekua izango dute greba honetan. STEILASetik Hezkuntza Publikoaren aldeko aldarrikapenak jarriko ditugu mahai gainean, beti egin ohi dugun bezala. Oraingoan, inoiz baino indar gehiagorekin, bat egiten dugu Karta Sozialaren programan jasotzen denarekin: 0-3 urteko zikloan nahiz gainerako hezkuntza mailetan (unibertsitatea barne) eskatzen den bezainbeste plaza eskaini, sare publikoan eta doan. Iruñeko eta Gasteizko gobernuen neurriak, aldiz, kontrako norabidean doaz. Hegoaldeko gobernu horien politiken ondorioz zerbitzu publikoen estigmatizaziora garamatzan dinamikak etetea premiazkoa dela ozen esango dugu.

Zuriketa more zein berdetik haratago doazen hitz hutsaletatik neurrietara pasa dadin exijituko diegu Hegoaldeko Gobernuei, bizitza erdigunean jarriz, Haurreskola Partzuergoa doakoa izan dadin bermatuz eta aukera berdintasunean garrantzi berezia duen etapa horren pribatizazioa bertan behera utziz, esate baterako. Gure gizartearen aniztasunaren isla izan beharko litzatekeen eskolak, ezinbestean, publikoa izan behar du, denona eta denontzat den eskola. Oinarrizko eskubideak zerbitzu publikoen bidez bermatu behar baitira gutxi batzuen pribilegio bilakatu ez daitezen.

Oraingoan ez da enplegu greba soila izango. Zaintza greba, kontsumo greba, pentsiodunen, ikasleen eta langabetuen greba ere izango da. Asko ikasi dugu Mugimendu Feministak aurrera eraman dituen azken bi grebetatik, non aniztasunak eta elkarlanak emaitza oparoak eman dituzten. Zalantzarik ez izan ditugun gobernu neoliberalen murrizketa politika eta atzerakoien aurrean elkarlana dela aukera bakarra. Ezinbestean bermatu behar dugu gure borroka denon borroka izatea, gizartearen biziraupenaren borroka, alegia; finean, denak elkarren menpekoak garelako. Urtarrilaren 30ean ez gara gu pentsionistak babestera aterako, haiek baitira aspalditik gure etorkizuna babestearren borrokan daudenak. Arrazoi horiek direla medio, gurekin batera grebarekin eta mobilizazioekin bat egitera gonbidatzen zaituztegu. Gure borroka, guztion borroka delako!