Bilboko Alde Zaharreko hezkuntza-komunitateek eta hainbat elkartek dei egin digute auzoko eskola publikoaren alde prestatzen ari diren jardueretan parte hartzera; auzotar gehienak harro sentitzen garenaren alde mobilizatzera. Baina, era berean, kezkatuta eta haserre ere bagaude, erakunde publikoen aldetik, Eusko Jaurlaritzaren eta Udalaren aldetik alegia, jasotzen duten tratu txarra ikusita.

Plaza publikoen urritasunaren arazo larriari −3 edo 4 lerroko Lehen Hezkuntzako bi zentro besterik ez daude− espazio falta gehitu behar zaio ere; hala nola patioak, liburutegiak, gimnasioak, kirol-zelaiak, jantoki zabalak… Azpiegituren egoera ez da ona, oso zentro zaharrak baitira, eta ez da horiek modu egokian mantentzeko behar beste inbertitu. Oso larria den horri guztiari gehitu egin behar zaio pandemia egoera honetan hartu beharreko higiene- eta osasun-neurriak gordetzeko eskaera, hala nola distantzia soziala eta burbuila-taldeen mantentzea.

Bi ikastetxeetako hezkuntza-komunitateek (Mujika eta Garcia Rivero) urteak daramatzate Bilboko Udalari eta Eusko Jaurlaritzari espazio berriak eta erreformak eskatzen: inbertsio handiagoak egitea eta espazio publikoak hezkuntza helburuetarako berrerabiltzeak lehen aipatutako arazo ugari konponduko lituzke. Pandemia garai honetan, eta ikasle guztientzako jantokia ixteko aukeraren aurrean, auzoko hezkuntza komunitateak antolatu eta mobilizatu egin dira. Alternatibak eskaini dituzte zerbitzu hori inolako murrizketarik gabe bermatzeko; bere garaian, kirol-espazioen gabezia konpontze aldera, gertuko lurretan kantxak lortzeko egin zuten bezala. Hala egin zuten eskolako jolastokia handitu ahal izateko ere.

Eusko Jaurlaritzak eta Bilboko Udalak lursail eta eraikin publikoak lagatzen dizkiete, ezeren truke, unibertsitate eta goi-mailako ikasketa pribatuei; Bilbon, diru-hornidura publikoarekin sustatu eta gero, modu kezkagarrian lehorreratu direnak: Kunsthal, Digipen, Nafarroako Unibertsitatea, Deustuko Unibertsitatea, Mondragon Unibertsitatea, IMQ… Eta hau gertatzen den bitartean, Bilboko ikastetxe publikoek, ez bakarrik Alde Zahar eta Atxurikoek, urteetan zehar salatu dugun utzikeria pairatzen dute. Eta hori onartezina da.

Zentro pribatu-kontzertatuak baliabidez hornitzeko politika hori egiturazkoa da Bilboko Udalean; gogora ditzagun Urretxindorra Ikastolari eta Harrobi Ikastolen Federazioko Lanbide Heziketako ikastetxeari oparitutako lurrak. Bilboko 60 ikastetxe publikoak, berriz, ez dira baliabidez hornitzen. Datu gisa, esan behar da 60 zentro horien mantentze-beharrei erantzuteko 2019ko udal-aurrekontua 1.650.000 eurokoa izan zela, Kunsthalen barne-gaikuntzarako erabili zena baino kopuru txikiagoa. Paper-fabrika zaharraren obra Udalak eta Eusko Jaurlaritzak ordaindu zuten.

Ez dugu onartuko erakunde publikoek, beren politika neoliberal pribatizatzaileen bidez, hezkuntza publikoa bezalako zerbitzu publikoak erasotzen eta baztertzen jarraitzea. Izan ere, zerbitzu publikoak dira gizarte-kohesioa bermatzen duten bakarrak, eskola publikoa baita pertsona guztiei hezkuntzarako, inklusiorako eta aukera-berdintasunerako eskubidea bermatzen dien hezkuntza eredu bakarra. Ez dugulako nahi ikasleak egoera sozioekonomikoaren eta jatorriaren arabera bereiziko dituen hezkuntza eredurik.

Eskola publikoaren aniztasuna beharrezko balioa baita eskubideetan berdintasun handiagoko gizarteak sortzeko, ezberdintasunak errespetatuz. Euskal Eskola Publikoa delako ikasle gehienak euskalduntzen dituena, eta guztiona eta guztiontzat delako, 19an antolatuko diren jardueretan izango gara eskola publikoarekiko konpromisoa eta harrotasuna erakusteko.