LAB, STEILAS eta ELA sindikatuok Haurreskolak Partzuergoan greba dinamikari hasiera emango diogu

Aurrekontu faltagatik Haurreskolak Partzuergoan indarrean dugun Lan Hitzarmena eta sinatuta dauden akordio desberdinak ez dituela betetzen onartu zuen Zorione Etxezarraga Partzuergoaren gerenteak Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordean pasa de astelehenean, hilak 16.

Gauzak horrela, ikasturte honetan oraindik mahai negoziatzailea deitu gabe jarraitzen dute, Hezkuntza saileko ordezkariaren zain dago gerente dugun Zorione Etxezarraga anderea, Bildarratzen Hezkuntza sailak albo batera utzi gaitu. Pazientzia agortu zaigu.

0-3 hezkuntza-zikloaren garrantziaren aitortza eskateaz gain, jaiotzatik hezkuntza-eskubidea aldarrikatzen dugu eta, horregatik, Haurreskolak Partzuergoaren erabateko doakotasuna eta sarbide unibertsala bermatzea eskatu ditugu.

Haurreskolak Partzuergoko hitzarmen eta akordio desberdinak ez dira betetzen ari, eta, ondorioz, haur hezitzaileon eta kudeaketako langileen lan baldintzak okertu eta zerbitzuaren kalitatea kolokan jarri dira.

Irakaskuntza publikoko gainontzeko kolektiboetan lan-hitzarmen berrien negoziaziorako atea zabaldu denean, gurean oraindik aurrekontuek mugatuta gaude. Horrela, gure eskubideak zapalduta ikusten ditugu egunero eta, bitartean, Eusko Jaurlaritzak Haurreskolak Partzuergo publikoaren etorkizuna kolokan jartzen du.

LAB, STEILAS eta ELA sindikatuok Haurreskolak Partzuergoaren aurrekontua handitzeko momentua dela azpimarratu nahi dugu. Era berean, Zorione Etxezarragaren dimisioa eta Hezkuntza Sailaren kudeaketa zuzena exijitzen ditugu: bada garaia Jokin Bildarratz Hezkuntza Sailburua arduraz jokatzen hasi eta dagokion erantzukizuna bere gain hartzen hasteko.

Egoeraren larritasuna kontuan hartuta, haurreskoletako langileoi mobilizazioekin jarraitzea eta sakontzea beste biderik ez zaigu geratu. Momentuz abendurako bi greba-egun deitzea adostu dugula, abenduaren 10 eta 16an, honako aldarrikapen hauen baitan:

Haurreskolak Partzuergoaren gerenteari,
Lan-hitzarmen eta akordio desberdinak berehala betetzen hasteko konpromisoa har dezala: desplazamendu gehiago ez gauzatu, aparteko orduen erabilerarekin bukatu, ordezkapenak bete, e.a.
Hezkuntzako beste sektoreetan bezala, Lan-hitzarmen berriaren negoziazioa abian jartzeko konpromisoa.

Eusko Jaurlaritza eta Hezkuntza Sailari,
– Irakaskuntza publikoan Osakidetzak egiten duen NBEen horniketan Haurreskolak Partzuergoa sartzea
– Haurreskolak Partzuergoaren integrazioa Hezkuntza Sailean.
– Hurrengo urteko aurrekontua handitzea Legebiltzarrak eskatutako doakotasunean urratsak emateko, lan-hitzarmen eta akordioak bete ahal izateko eta kalitatezko hezkuntza zerbitzua bermatu ahal izateko.
LAB, STEILAS eta ELA sindikatuak
2020ko azaroaren 23an.