AURREKONTU SOZIALAK?
JA!
2021eko DONOSTIAKO AURREKONTUETAN

BIZITZA ERDIGUNEAN JARTZEKO 8 ESKARI

AURKEZPENA:

Martxoaren 31n onartuko diren udal-aurrekontuak, pandemiak inolako irakaspenik utzi izan ez baligu bezala jarraitzea dute xede: diskurtso apropiatzaileez gain, egiazki inolako aldaketarik egiteko borondaterik ez duen aurrekontu-politika egiten jarraitu dute: “sozialean egiten den GASTUA eta etorkizun ezegonkorrera bideratzen den INBERTSIOA”.

Izan ere, gaur gero eta gehiago hitz egiten ari da Donostiako “hiri-krisiaz”. Turismoaren sektoreak hondoa jotzean, sektoreko enplegu prekarioaren ondorio okerrenak sufritzen ari gara: ostalaritza eta merkataritza, ehundaka langileren etorkizuna kolokan dago. Oro har, azken hilabeteetako Donostiako langabezia igoera kezkagarriak 2008tik eragindako bazterkeria eta pobretze prozesua azkartu du. Donostia oparoaren mitoa erori da, alegia.

Ez da harritzekoa, hemen bizi ahal izateko oinarrizko beharrizanak garestitu baitira. Ehunka familia gehitu dira argindarra, neurrigabeko alokairua eta hipoteka ezin ordaindurik daudenen zerrendara. Elikagaien bankuko ilara luzeak, arrakala digitala, funts putreak, etxegabetzeak, hustutzeak, aterperik ere ez duten pertsonak, migratzaile eta gazteak, eta bien bitartean etxebizitzaren prezioa goranzkoan. Donostia etxebizitza-larrialdian da, eta honi aurre egiteko aurrekontu eraldatzaileak behar ditugu.

Artean, hiriaren aktualitateko gatazka klima-aldaketaren aurrean udalgobernuak adierazten duen jarrera lotsagabea da: surf-park, lurraren urbanizazio basatia, ibilgailu pribatu bidezko mugikortasuna, metroaren zulo eta zulaketak, Abiadura Handiko Trena, azalera handiko merkatal guneen irekierak, airearen kalitatea nabarmen okertuz, erdigune hiperkomertzializatuaren kontsumismoa, hondakinen birziklapen maila apala eta errausketaren ondoriozko kutsadura, zein udal gobernuak trantsizio energetikoaren izenean abiatu nahi dituen “postalezko-Donostia” sustatzeko proiektu aipatzeagatik.

Aspalditik datozen eta estrukturalak diren problematika ezberdinei erantzuteko borondate politiko ezaren aurrean, gero eta gehiago gara udal politika publikoek norabide aldaketa bat behar dutela gizartearen ongizatea erdigunean izango duten politika ekonomiko eta publikoak egin behar direla exijitzen dugunok. Pandemia inflexio-puntu izan behar da, Donostiako martxa zaharra alboratu eta urjentziaz bizitza erdigunean jarriko duen udal aurrekontuen eredu baten alde egiteko, herritar guztiontzako etorkizun duina bermatzeko. Donostiako Eskubide Sozialen Kartak eta beste hamaika eragilek 8 eskakizunez osatutako manifestu hau sinatzen dugu. Horrekin batera, dei egite dugu Martxoak 31a, asteazkena 10:00tan Injetea kalean egingo dugun mobilizazioan parte hartzera. PNV-PSEk onartuko dituzten udal aurrekontuak salatzeko.

UDAL-GOBERNU ETA ALDERDIEI ESKATZEN DIEGU

Instituzio publikoen eginbeharra da herritar guztion ongizatea bermatzea, Donostiako udal- gobernuaren eginbeharra da hiritar guztiontzako bizi baldintza duinak bermatzen direla ziurtatzea inolako negozio helbururik gabe. Hori dela eta, Donostiako Eskubide Sozialen Kartaren ohar hau sinatzen dugunok honako eskari hauek 2021eko aurrekontu bidez bermatzea eskatzen dugu:

1.- Babes soziala guztiontzat. Donostiako udalaren azpikontratazio politikak, gure hirian areagotzen ari den pobrezia eta bazterkeriari erantzuteko nahikoa ez den sistema agerian uzten du. Babes sozialerako udal sisteman 33,4 milioi euroko partida ez da nahikoa, inoiz baino beharrezkoagoa da inbertsioa NABARMEN handitzea, bizitza erdigunea jartzeko, honako urrats hauekin batera:

– Oinarrizko gizarte zerbitzuak indartu, publifikatu, remunizipalizatu eta doakotasuna eta unibertsalak izatea bermatu. Etxez etxeko laguntza zerbitzua, esku-hartze sozialeko zerbitzuak, aterpetxeak… lehenbailehen. Lan prekarietatearekin amaitzeko, azpikontratazio politika eten behar da.

– Baliabide instituzionalak handitu: bazterketa soziala pairatzen dutenak eta gure lurraldera datozen migratzaileak, kasu askotan gazteak dira eta kalean daude, aterperik eta jatekorik gabe. Gaur egun aterpeetan eskaintzen den plaza kopurua ez da etxerik gabeziaren arazoari erantzuteko nahikoa. Harrera duin baterako, aterpe gehiago eta jantoki sozial eta publikoak behar dira Donostian.

– Gizarte Larrialdietako Laguntzetara sarbidea erraztu eta kopurua handitu. Murrizketarik ez

– Donostiak zaintza beharrak eta zaindua izateko eskubidea bermatzeko zaintza lanen aitortza eta publifikazioaren aldeko apustua egiteko – Ez dugu onartuko ekintza sozialera bideratutako diru partida osotasunean ez inbertitzea.

2.- Etxebizitza-eskubidearen aldeko hautua: Etxebizitza negozio bilakatzen duten prozesuak etetea beharrezkoa da. Lehentasunez alokairu abusiboei muga jartzeko neurriak har daitezela:

– Alokairuen prezioa mugatu lehenbailehen.

-Etxegabetzeak eten, pandemiaren ondoriozko krisian areagotu baita arazoa.

– Alokairu sozialeko etxebizitza kopurua handitu. Etxegintzaren gaur egungo kolapsoa onartezina da.

– Etxebizitza hutsak mugiaraztea udalerrien eskumena da, parke publikoa handituz .

– Pisu turistikoen kopurua mugatu.

– Funts putrerik gabeko Donostiaren aldeko neurriak lehenbailehen.

3.- Trantsizio ekologikoa herritar guztiona: oligopolio energetikoko enpresek arautzen duten markoan pobrezia sistemikoa da eta energia berriztagarrietara trantsizioa klasista. Udal-gobernuak inor atzean utziko ez duen trantsizio-bide baten alde egin behar du. Honen aurrean:

– Lehentasunez, pobrezia energetikoarekin amaitzeko neurri eraginkorrak

– Energiaren banaketarako udal-entitate publiko baten sorrera. Trantsizioaren gidaritza publiko-komunitarioa sustatu.

– Erraustegia gelditu. Hondakinen kudeaketarako plan integrala, zero zabor filosofian. Ekonomia zirkularra ez da errausketa. Ingurumen kontrol publiko zorrotza.

– Auto pribatua murriztu eta garraio publiko, iraunkorra eta soziala sustatzeko mugikortasun eredua. Interes ekonomikoekin diseinatutako metroa

– Trantsizio erreal baten ardatz herritarron elikadura delako, Elikadura burujabetzaren aldeko konpromiso politikoa, zerbitzu publiko guztietan.

– Lurzoruaren gehiegizko artifizializazioari ez. Berdegune eta biziguneak errespeta ditzagun, “olatuak itsasoan” filosofia jarrai dezagun.

4.- Mugimendu feministaren aldarriari erantzun: indarkeria matxista estrukturala dela barneratzetik, zuriketa more gehiagorik ez eta baliabide gehiago lehentasunez:

– Emakumeen Etxe berri eta handiago bat lehenbailehen.

– Egokitzapenetara zuzendutako 20.0 eurorekin emakumeak* ez goaz inora. Donostiak politika feministak egiteko espazioen beharra du, eta ez turismo bulego gehiago irekitzeko beharrik.

– Berdintasun alorrean murrizketarik ez, borondate politiko kontua da indarkeria erreproduzitzen duten instituzio publikoak izatea.

5.- Proiektu handi eta ezbeharrezkoak bertan behera utzi. Dirua behar sozialetara bideratu. Pandemiak areagotutako ezberdintasun sozialen aurrean diru publikoa bestelako kontuetan xahutzea ulertezina da:

– Metroaren eraikuntza eten. Uhartearen aldaketa turistiko eta ekologikoa eten. AHT-aren proiektua bertan behera utzi. Surf-parkik ez.

– Loiolako kuartela leku-aldatzea ez da bidea. Militarrek nahieran ezarritako lursailaren prezioa ordainduko dio Donostiako udalak Defensta Ministerioari, hau da, gastu militarrera bideratuko den zeharkako diru partidak izango dira. Donostiaren desmilitarizazioa beharrezkoa da, lurrak eta erabakia herritarron esku behar dute, bakea eta bizikidetzan gizarte justu bat eraikitzeko.

6.- Bestelako ekonomia indartsu, iraunkor eta anitzago bat: argi da turismoren monolaborantzak ez diotela gizarte gisa ditugun erronkei erantzungo.

– Balio sozial erantsia duten sektoreak eta lan duina sortzen dutenak indartu.

– Oinarrizko udal zerbitzuen publikotasuna bermatu (garbiketa, kiroldegiak…)

– Kudeaketa pribatuaren kontrol publikoa zorroztu

– Tokiko merkataritza eta ostalaritzari laguntzak handitu, sektore bereziki kaltetutzat hartu.

– Ekoizpen eta kontsumo ekonomia hurbileko eta sozialki eta ekologikoki justuak sustatu. Sektore defizitarioen, hau da, turismoaren desazkunderantz urratsa

– Osasun larrialdia diru-sarrera eta gastuen jeitsierarako justifikazio gisa erabiltzeari utzi. Jarduera turistikoen gaineko tasa baten ezarpena eta bildutako diruaren erabilera soziala.

7.- Kultura, aisialdia eta euskara bizia: espazio publikoak, hiriaren ordenamenduak, aisialdi ereduak herritarron ongizatean duten papera aitortuz, birmoldaketa sakona beharrezkoa da.

– Kultur eskaintza zabaldu eta sozializatu. Lan baldintza duinen bermea, sektore bereziki kaltetutzat hartu.

– Espazio publikoan parke eta gune estaliak lehentasunez.

– Erabilera sozialerako espazio eta lokal publiko kopurua handitu, modu orekatuan banatu auzoetan eta publikaoren erabilerarako erraztu.

– Administrazioa hizkuntza eskubideen bermatzaile eta eredu izatea.

– Euskalduntzea. Kulturartekotasun ikuspegia izango duen harrera hiria izateko bidean, euskarazko harrera protokolo doako, unibertsal eta integral bat garatzea. Euskaratik urrun bizi diren herritarren artean euskalduntzea sustatu.

– Herri ekimenean pandemiak eragin duen etetearen ondoren, Donostian kulturgintza, auzo bizitza eta herri ondarea aberasten duen herri ekimenari berme ekonomiko eta instituzionala ematen jarraitu: auzo eta hiri mailako jaiak, bizilagunen ekimenak…

8.- Aurrekontu parte hartzaileak: udal-gobernuak aurrekontuen partida txiki bat modu parte hartzailean erabakitzeko egiten duen proposamena ez da nahikoa, legeak eskatzen duen minimoa bete besterik ez dute egiten. Joan diren urteetan parte hartze prozesuen bidez adostutako proiektuak oraindik ez dira gauzatu. Lehenik eta behin haiek gauzatzea eskatzen dugu. Parte hartze prozesua garatzea eta auzo guztietara zabaldu eta irekitzea eskatzen dugu. Erabakiguneak deszentralizatzea eskatzen dugu, espazio parte hartzaileen irismena hobetu, aurrekontuez harago eraman eta jarraikortasuna bermatzea. Auzoaz eta hiriaz eztabaidatu eta erabakitzeko espazioak ahalbidetzea da herritarron zuzeneko parte hartzea sustatzen duen aurrekontu politika parte hartzailea egitea.

Eragileen zerrenda:

1. Bake-Ekintza Antimilitarista

2. Gaurgeroa-Duintasuna Gipuzkoako Erretiratuen eta Pentsiodunen Elkartea

3. Erraustegiaren Aurkako Mugimendua

4. Belartza 2 Gelditu

5. Haritzalde

6. Eguzki

7. Satorralaia

8. Piztu Donostia

9. Orain Ardura

10. SOS Arrazakeria

11. Hiritarron Harrera Sarea

12. Ongi Etorri Errefuxiatuak

13. Intxaurrondoko Talde Feminista

14. Donostiako Bilgune Feminista

15. Ernai

16. Bizilagunekin, Desazkunde turistikoaren aldeko donostiarren plataforma

17. Hondarpe Auzo Elkartea

18. Parte Zaharrean Bizi Auzo elkartea

19. Egia Bizirik Auzo Elkartea

20. SOS Ostalaritza Donostia

21. Uliako Lore Baratzak

22. ELA

23. LAB

24. Steilas

25. ESK