LAB, STEILAS eta ELA sindikatuok eta Haurreskolak Partzuergoko langileek
haurreskolek familiekin batera euskarri desberdinetan jasotako aldarrikapenen
erakusketa egin genuen atzo Lakuan. Ekintza hori matrikulazio epe ofizialaren
bukaeraren eta izan genuen Mahai Negoziatzailearen kontestuaren baitan burutu
genuen, Administrazioaren aurrean langile eta familiek Haurreskolak
Partzuergoarekiko duten konpromiso irmoa erakusteko asmoarekin.
Izan ere, Administrazioak erakutsi ez duen bezala, txalotzekoa da zikloarekiko
hezkuntza komunitateak erakutsi duen atxikimendua eta konpromiso erakustaldia.
Hortaz, lerro hauen bitartez, dinamika horretan (zein orain artekoetan) parte hartu
duten lankide eta familiei eskertu nahi diegu egindako ahalegina. Langile eta
senideen mobilizazioa eta inplikazioa ezinbestekoa izango da Haurreskolak
Partzuergoak etorkizunera begira dituen erronkak gainditu eta aldarrikapenak
gauzatzeko.
Haurreskolak Partzuergoko Lan Hitzarmen berriaren negoziazioa hasi berri dugun
momentuan, ezin dugu ahaztu Haurreskolak Partzuergoaren doakotasuna eta
hezkuntzan integrazioa eta langileen egonkortasuna direla oraindik ere borrokaren
ardatza. Jaiotzatik hezkuntzarako eskubideak unibertsala behar duela izan uste eta
sinisten dugulako eutsiko diogu borroka horri.

Era berean, LAB, STEILAS eta ELA sindikatuok salatu nahi dugu aurreko Mahai
Negoziatzailean Administrazioak eta Haurreskolak Partzuergoak hartutako
konpromiso batzuk bete gabe jarraitzen dutela; besteak beste, indarrean dauden
akordioak betetzea. Beraz, argi dago atzo hasitako negoziazio prozesuak izango
duen ibilbidean erne egon beharko garela aurrera ematen dugun urrats bakoitzean.
Gauzak horrela, orain arte egin bezala, ohar honi bukaera eman baino lehenago
alderdi politiko eta eragile desberdinei dei egiten diegu Haurreskolak
Partzuergoaren doakotasuna eta hezkuntzan integrazioa ahalbideratzeko pausuak
eman ditzaten.
Halaber, euskal jendarteari ere dei egiten diogu borroka horrekin bat egin eta
aldarrikapen horiek bereak egin ditzan, guztiok irabaziko baitugu horrekin.

Denon artean lortuko dugu!