Pasa den asteazkenean Hezkuntza Saileko eta Haurreskolak Partzuergoko ordezkariekin Mahai Negoziatzailea izan genuen Lakuan. Greben dinamika baztertu genuenetik burutu dugun 3.a izan da. Administrazioak proposatu zuen dinamikaren baitan Lan Hitzarmen berria artikuluz artikulu negoziazioatzen ari gara. Nahiz eta STEILASek negoziazioa gaika egitea lehenesten duen, lanketa artikuluz artikulu egiteko prest gaudela adierazi genuen.

Administrazioak Mahai Negoziatzaileetan landuko ditugun artikuluen proposamenak denboraz bidaliko zizkigula adierazi bazigun ere, ez da bere hitza betetzen ari (egun bat lehenago edota egunean bertan bidali ohi dizkigu dokumentuak; asteazkenean bilera baino ordu t´erdi lehenago bidali zigun landu beharreko dokumentua). Ondorioz, Mahai Negoziatzaileetan ez da negoziaziorik ematen, idatziz bidalitako proposamenaren azalpena baizik. Bileran bertan apenas egoten da tarterik ezer erabaki edota adosteko. Ondoren, sindikatuok 7 egun ditugu gure proposamenak Administrazioari bidaltzeko. Horrela ezin da lanik egin. Negoziazioa zaildu besterik ez du egiten Administrazioak, bai denbora kontuengatik, bai metodologia kontuengatik ere.
Hori guztia gutxi ez eta, asteazkeneko bileran, nabarmen geratu zen Haurreskolak Partzuergoaren eta Hezkuntza Sailaren arteko elkarlan eza. Hezkuntza Saila bera izan zen Haurreskolak Partzuergoko gerentziak egiten zituen proposamenei zuzenketak egiten zizkion lehena, eta horrek ezin du horrela izan. Seriotasunez lanean hastea exijitzen diogu Haurreskolak Partzuergoko gerentziari, eta Hezkuntza Sailari gogorarazi nahi diogu ezin duela ezer gertatuko ez balitz bezala jokatzen jarraitu, beraiek direla guzti horren azken arduradunak.

Gauzak horrela, STEILASek gai konkretu batzuk lantzeko bilera teknikoak eskatu zituen, gaiak sakontasunez landu ahal izateko:
● Haurreskolen ratioak, hornikuntza eta haurreskolen eraikin desberdinek sortutako baliabide pertsonalen beharrak.
● Hezitzaileen eta koordinatzaileen funtzioak.
● Kudeaketa langileen funtzioak eta monografiak.
● Kudeaketa langileei dagozkien araudiak (ordezkoen araudia…).

Horretaz gain, ikasturte honen amaierak eta hurrengoaren hasierak asko kezkatzen gaitu. Hori dela eta, enpresari hurrengo gaiak lantzeko eta horien inguruko adostasunak lortzeko
bilerak eskatu dizkiogu:
● 2021eko lanpostuen zerrenda (hezitzaile eta kudeaketa langileenak).
● Leku aldatze lehiaketa.
● 2021-2022 ikasturterako haurren matrikulazio datuak.
● 2021eko uztaileko esleipenak.
● Datorren ikasturterako Covid-19arengatik beharrezko baliabide gehigarriak.
Hala ere, enpresaren aldetik bilera deialdia ahalik eta azkarren egiteko konpromisoa lortu genuen soilik, baina eduki zehatzak ez ziren zehaztu.

Beste eskaera bat ere luzatu genien Hezkuntza Saileko ordezkariei: maisu-maistren baremazioan Haurreskolak Partzuergoko langileei lan esperientzia ez zenbatzeagatik egindako akatsak ofizioz zuzentzea. Bide batez, Haurreskolak Partzuergoko hezitzaileen irakasle.net-eko zerbitzu-orrian agertzen diren datuak eguneratzea, Haurreskolak Partzuergoko langileak garela zehaztea eta bertan agertzen den
“fiktizio” kalifikazioa desagertzea. Horrela, Hezkuntza Sailak betidanik zor digun aitortza eta errespetua eman diezagun pauso berri bat emango luke.

Ikusi duzuen bezala, Lan Hitzarmen berriaren negoziaketak luzerako joko du, baina denon artean indarrak batuz lortuko dugu.

Euskal Herrian, 2021eko maiatzaren 28a.