Azkenaldian lanpostu publikoen egonkortasunari buruzko informazio ezberdin asko jasotzen ari gara hainbat iturritik (komunikabideetatik, epaitegietatik, Madrildik, Europatik…). Ez da gai erraza, eta egoera oso aldakorra izan da azken ikasturteetan, egun batetik bestera jasotzen baititugu berriak. Horregatik, STEILAS sindikatuko Zerbitzu Juridikoekin elkarlanean gabiltza informazio zehatza eta kontrastatua sortzeko.

Orain arte dakiguna da AENAko langile batek (Aeropuertos Españoles y Navegación Aérea) jaso duen epaia lanpostu egonkorrak finkatzeko aurrekaria izan daitekeela; izan ere, epai horrek dio langile horren egoera finkatu egin behar dela LEP arteko kontratua izateagatik eta EPE bat gainditu izanagatik (plaza lortu gabe). Epai horren aurrean, enpresak (AENA) errekurtsoa aurkeztu dezake Madrilgo Auzitegi Konstituzionalean. Aurrerapauso bezala baloratu behar bada ere, tentuz jokatu behar dugu, egoeraren etengabeko aldakortasuna kontuan izanda.

Horretaz gain, Madrilek Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren Legea aldatzeko asmoa du, hilabete honetan. Horrekin, Europak exijitzen duen bezala, administrazio publikoetan ematen den behin behinekotasunaren abusuari amaiera eman nahi zaio. Bertan, behin -betikotu behar diren lanpostuen eta horiek betetzeko langileen lehiaketarako baremoen irizpideen ezaugarriak arautuko omen dira. Informazio batzuen arabera, EPE bat gaindituta izateak meritu horietarako puntuak emango ditu. Hala ere, legea onartu gabe eta lan arlo bakoitzaren kasusistika kontuan izan gabe, momentuz, ezin dugu hori baieztatu.

Kontuan izan behar dugu baita ere Madrilen onartuko den lege bat dela, eta, ondoren, Eusko Jaurlaritzak moldaketak egiteko aukera izango duela. Gero, gurean negoziatzeko garaia izango da, Hezkuntza Sailaren eta Haurreskolak Partzuergoaren ezaugarrietara egokitzeko. Azken bileran egin genuen bezala, hilaren 16an, Hezkuntza Sailarekin baldintzak negoziatzea exijitzen dugu.


Hori guztia kontutan hartuta, egoerak dituen erpin guztiak lasaitasunez aztertu eta ibilbide juridiko aproposena bilatu behar dugu. Horretarako, gure Zerbitzu Juridikoak lanean daude, sortutako nahasmenaren korapiloa askatzen saiatzeko eta erabaki aproposenak hartzeko. Hala ere, edozein momentutan kasuan kasuko egoerak salatzeko beharra ikusten badugu, zuekin beharrezkoa den informazioa partekatuko dugu.

Era berean, edozein zalantza izanez gero gogoratu, beti, STEILAS sindikatuarekin jar zaitezkeela kontaktuan zure zalantzak argitzeko eta duzun informazioa osatu eta kontrastatzeko.