Atzo, uztailaren 14ean, Haurreskolak Partzuergoko gerente eta pertsonal buruarekin bilera izan genuen (Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza saileko inor ez zen etorri lanpetuta daudenaren aitzakian). Gai desberdinei buruz hitz egin genuen.
Hasteko, esan beharra dago, gaur egungo ordezkapenak emateko sistema behin eta berriz salatu ostean (egon diren akatsak eta ordezkatu gabe gelditu diren lan kontratuak asko izan direlako), azkenean, ORDEZKAGUNEA martxan jartzeko pausuak ematen hasi direla. 2023ko udaberrirako aurreikusten da erabilgarri egotea, horren aurretik ordea, ordezkoen araudia berrikusi eta negoziatu behar dugu.
Zuzendari Pedagogikoa hautatzearen inguruko prozesuaz esan genezake 39 pertsona aurkeztu direla orotara (18 Haurreskolak Partzuergoko langileak dira). Gaur egun 5 pertsona daude azken fasean eta uztaila amaiera baino lehenago jakingo dugu nor izan den hautatua, irailaren 1ean lanean hasiko delarik.
Irailak 1era begirako desplazamenduei dagokienean, ondorengo taulan duzue egutegia:
Bertan ikusten duzuen bezala uztailaren 18an argitaratuko da deialdia, beraz adi egon behar da, izan ere oso egun gutxitan burutuko da guztia. Azken bi ikasturtetan bezala online egingo da prozesu guztia.
Gogoratu, uztailaren 19an borondatez mugitzeko eskaerak egiteko edo eta indarrean dauden ordezkapen kontratuei uko egiteko aukera dagoela. Kontratuari uko egin ezkero abuztuaren 31ean amaituko litzateke kontratua (ordezkapena lehenago amaitzen ez bada behintzat). Borondatez kontratua amaitu ezkero ezin da langabezia eskatu, adi horrekin.
Beste behin ere desplazamenduekin ez geundela ados salatu genuen, izan ere, urtero hezitzaileak pairatzen duten egoera hau onartezina da.
Atzo konfirmatu ziguten kontingentzia planak ez daudela indarrean haurreskoletan eta datorren ikasturteko egutegia ere aurreko ikasturteetan bezala arautuko dela.
Gogoratu, baremazioen inguruko gorako helegiteak aurkezteko epea uztailaren 20rarte dagoela irekita. Hauen emaitzak Zuzendaritza Batzordea bildu ostean argitaratuko dira; uztailaren bukaeran edota irailaren hasieran.
Bukatzeko jakin, 2022-2023 ikasturtean prozesu desberdin asko eramango direla aurrera Haurreskolak Partzuergoan, horregatik lehenbailehen negoziatzen hastea eskatzen jarraituko dugu, langileok merezi ditugun lan baldintzak exijituz eta borrokatuz.
Leave A Comment