2024-2025 ikasturte hasiera. Unibertsitatez kanpoko irakasleen sektorea
Ikasturtea martxan da, Hezkuntza Sail berria dugu, baina Hezkuntza Sailaren aldebakarreko erabakien ondorioz, irakasleok egoera berean edo okerragoan jarraitzen dugu. STEILASek, ikasturte honetan ere, irakasleon lan-baldintzak hobetzeko honakoak aldarrikatzen ditu:
• Erretiratzeko neurri zehatzak gauzatzea.
• Egunerokoan lan-karga jaistea.
• Hezkuntza Sailaren langileentzako arreta berreskuratzea.
• Ondoko lanpostuak estrukturalizatzea: HIPI, BeA, IKT, HEZKIDETZA, ALE, jangelako arduradunak…
• Kontziliaziorako neurri errealak zehaztea.
• Ordezkoen udako kobrantza, kotizazioa eta puntuak berreskuratzea.
• Galduriko erosteko ahalmenaren %20a berreskuratzeko plana egitea.
Horri guztiari, lekualdatze-lehiaketan eta esleipenetan gertatutako akatsak, eedota ikasturte hasierako irakasle falta gehitzen badiogu, Hezkuntza Sailak hezkuntza publikoarekiko duen utzikeria edo ezina agerian geratzen da. STEILASetik aurrez aipatutako aldarriei tinko heltzen jarraituko diegu, lan-baldintza duinen alde borrokatuko dugu, dagoeneko iraungita dagoen lan-akordioa berritzeko indar egingo dugu eta azken boladan kendutako eskubideak berreskuratu arte lanean jarraituko dugu.
Hezkuntza Sailari eskatzen diogu akordioetara iristeko borondatea erakuts dezan, irakasleen lan-baldintzen inguruko negoziaketa eraginkorra gauzatzeko.
Leave A Comment