STEILASek langileak esleitzeko irizpideen akordioa sinatu du. Abenduan indarraldia galtzen duen hitzarmena bera ere sinatzera behartu gaitu Hezkuntza Sailak.
Gaur Haurreskolak Partzuergoko Mahai Negoziatzailea izan dugu. Bertan, plantillak esleitzeko irizpideen akordioari babesa eman nahi genion, eta nahiz eta hori bakarrik sinatzeko saiakera egin dugun, Lan Hitzarmena osotasunean sinatzera behartu gaituzte. Gaurko mahaian zuzenketak baino, eduki berriak egon dira.
2025eko otsailean LABek greba dinamikari amaiera eman zion; STEILASetik ez genuen bat egiten erabaki horrekin eta Zuzendaritza Batzordeak egindako azken proposamena ez genuen sinatu, hainbat gabezi nabarmen zituen akordioa baitzen. Negoziazioaren azken momentuetan, gure sinadura lortzeko asmoz, plantillak esleitzeko irizpideetan STEILASetik egindako ekarpena txertatu zuten: «prestakuntza eta koordinazio orduak egin ahal izateko giza baliabideak bermatuko dira». Jatorrizko dokumentuan koordinazioaren liberazioari bakarrik egiten zioten erreferentzia; behin eta berriro azaldu dugunez, esaldi horrek ez zuen inongo berme juridikorik (ezta dokumentuak berak ere) eta hezitzaile kopuru zehatzik ez zegoen jasota.
Gaur, urtebete bat baino gehiago pasa ondoren, mahai gainean jarritako akordioa sinatzea erabaki dugu. Izan ere, bertan prestakuntza eta koordinazio orduak ordezkatzeko baliabide pertsonalak eta ratioen jaitsiera jaso baitira. Horrekin batera, lanpostu estrukturalak sortzea bermatuko da 2024ean STEILASek eta LABek Hezkuntza Sailarekin sinatutako akordioaren ondorioz. Langileen iritzia jaso ostean, arduraz jokatu nahi izan dugu, eta akordioan gure sinadura jarri dugu. Lan zama arintzeko neurriak egongo dira, lanpostu berriak sortuko dira eta egunerokotasunean prestakuntza eta koordinazioa bermatzeko beharrezkoak diren baliabideak jarriko dira; 180 jardun gehiago gehituko dira Haurreskoletara. Jakin badakigu lanketa gu gabe eman dela, baina STEILASek hainbatetan egindako aldarrikapenei erantzuteko edukiak jarri ditu Hezkuntza Sailak mahai gainean, izan ere, guri esker txertatutako esaldiaren garapena da langileak esleitzeko irizpideen akordioaren zati handi bat.
Argi daukagu ez dela txanpainaz ospatzeko sinadura bat, Lan Hitzarmenak dituen gabezi nabarmenek hor jarraitzen baitute. Baina ardura kolektiboa dugulako eta Hezkuntza Publikoa defendatzen eta lehenesten dugulako, Haurreskolak Partzuergoa eta langileen eguneroko egoera hobetzen saiatzeko, STEILASek zituen beste bi funtsezko aldarrikapenen borroka eten egingo dugu Hitzarmenak bere indarraldia galdu arte, beste hainbeste baliabideei babesa emateko. Baita egin beharreko lanketetan eragiten saiatzeko, eta administrazioak alde sozialaren iritzi bat baino gehiago entzuteko.
Apirilean indarrean sartuko da sinatutako akordioa eta, ratioen jaitsiera egoteaz gain, hezitzaile gehigarriak kontratatuko dira Haurreskoletan. Baliabide horiek gehitzeko, prestakuntza, koordinazioa eta umeen egonaldiak kontuan izango dituzte. Hurrengo egunetan azalpen gehiago emango ditugu, baina adibide moduan, 6 unitateko haurreskola batean hezitzaile bat eta erdi gehiago gehitu daitezke. Gainera, pertsona horiek ez dira ordezkapenak asetzeko erabiliko.
Hala ere, ezin dugu ahaztu Lan Hitzarmena argitaratzen denean ia iraungita egongo dela, 2026ko abenduaren 31n amaitzen baita indarraldia eta aipatutako gabezien borroka berrabiarazi egingo dugu. Horregatik ere gure erabakia sinatzea izan da. Hitzarmenak dituen gabeziak negoziatzeko atea itxi ziguten ordura arte, baina ate hori irekita geratuko da laister ezinbesteko lan baldintza batzuk negoziatzeko: Gazteberritze plan egoki bat eta Haurreskolak Partzuergoko langileek galdutako erosahalmena berreskuratzea.
Aurrekoaz gain, lanpostuen zerrendan 2026an txertatu behar diren lanpostuak berriro landu ditugu, baina kopuru definitiboa oraindik ez dugu jaso. Hala ere, aurreko 63 lanpostuei, 30/40 bat gehiago txertatuko dira 2024ko akordioari esker.
STEILASen lanean eta borrokan jarraituko dugu, orain arte egin bezala, Haurreskolak Partzuergoko langileek behar dituzten baliabideak eta lan baldintzak hobetzeko. Horregatik, sinatutako dokumentuen jarraipen oso zorrotza egingo dugu eta kanpotik eragiteaz gain, barrutik ere gure indar guztiak jarriko ditugu langileen ahotsa entzuteko.
Jarraian dokumentuak deskargatzeko aukera duzu:
Leave A Comment