2023-2024 ikasturteak Haurreskolak Partzuergoaren doakotasuna ekarri du. STEILAS sindikatuak joan den azaroaren 22an egindako prentsaurrekoan salatu zuen bezala, doakotasun horrek familia eskaeren hazkundea ekarri du baina lanpostuak sortzeko beharrak erantzunik gabe jarraitzen du. Hezkuntza sailak Mahai Negoziatzailean alde sozialari egin zion proposamena hurrengo bi urteetako familien matrikulazio eskaeren azterketa egitea izan zen. Urte horietako matrikulazio eskaeretan hazkundea balego, lanpostu berriak sortuko lirateke. Eta bitartean zer? STEILAS sindikatuak argi dauka honek ez diola erantzuten egungo arazoari, baliabideak gaur eta orain behar ditugulako.

2024ko aurrekontuetako datuek diote urte horretan 8.759 ikaspostu egongo direla. 2023ko irailean 4.819 haurrek eman zuten izena Haurreskolak Partzuergoan (aurreko ikasturtean baino ia 800 ikasle gehiagok). Hilabete hasiera guztietan matrikularen hazkundea aurreikusita (4.000 haur gehiago egoteko tokia badago) baliabide pertsonalak handitzea ezinbestekoa da.

Baina azaroan, behar berriei erantzuteko hiru hilabeteetan 137 kontratu berri gehiago egiteko beharra egongo zela esan zigun gerenteak, eta lanpostuen zerrenda jada beteta zegoenez, behin-behineko kontratuak soilik egin ahal izango zituztela.

Horren aurrean STEILAS sindikatuaren erantzuna argia eta zehatza izan zen: aurrekontuetan islada izan behar duten lanpostu estruktural gehiago sortu behar dira.

Honetaz gain, azaroaren 2ko Mahai Negoziatzailean Administrazioak Haurreskolak Partzuergorako 14 miloi euro gehiago bideratuko zirela esan zigun eta dokumentua aztertu ondoren, 11 milioi euro baino ez direla bideratuko esan dezakegu.

EAJk, PSEren laguntzaz, 2024ko aurrekontuak abenduaren 22an onartuko ditu. Argi dago orain arte Haurreskolak Partzuergoko doakotasunaren gaia kanpaina egiteko erabili izan dutela, baina oraindik horren ondorioei irtenbiderik emateko ez dute ganorazko erantzunik eman. Are gehiago, Mahai Negoziatzailean Administrazioaren mehatxua Haurreskolak Partzuergoaren zerbitzua mugatzea izan zen, lanpostuen zerrendaren handitzea (aurrekontuekin batera) izan beharrean.

Bitartean, haur hezkuntzako 1. zikloko 2 urteko gelak dituzten ikastetxe pribatuek %60ko finantzaketa izatetik %100era pasa dira, ituntzearen ondorioz. Zentro pribatuen finantzaketa bertan behera geratu behar dela aldarrikatzen jarraituko dugu, diru publikoa Haurreskolak Partzuergo zerbitzu publikorako izan behar delako.

STEILAS sindikatuak aurrekontuei lotutako eskaerak berresten ditu beste behin ere: Haurreskolak Partzuergoko lanpostuen zerrenda handitzea (hezitzaile eta kudeaketa langileena) eta 2023-24 Haurreskolak Partzuergoko haurren onartze araudian inposatu zituzten murrizketak bertan behera uztea.

Euskal Herrian, 2023ko abenduaren 21ean.