Pasa den asteazkenean, hilak 21, Haurreskolak Partzuergoarekin batera Lakuan izandako Mahai
Negoziatzailean, besteak beste, horren funtzionamendua, metodologia eta egutegiaren arautzea
izan genituen hizpide.Sindikatuok ekarpen desberdinak egin ostean, zehaztapenak egiteko eta akordioetara heltzeko
konpromisoa adierazi genuen. Ondoren, STEILAS sindikatuak akordioen eta negoziazioen
sinatzaileak Zorione Etxezarraga eta horren idazkaria izateaz gain, Zuzendaritza Batzordeko
ordezkari bat ere sinatzailea izan behar dela azpimarratu zuen.Aurretik dugun lana zein izango den kontuan hartuta, Mahai Negoziatzaileaz gain bestelako
mahaiak gauzatzea ere eskatu genuen (mahai teknikoak). Izan ere, beharrezkoa ikusten dugu
negoziazioan oinarrituta dauden baina Lan Hitzarmenetik kanpo gelditzen diren gai asko landu ahal
izatea eta horretarako espazio arautu bat izatea. Mahai teknikoen bitartez LALa, lanpostu
zerrendak (LZ), esleipenak, dotazioak edota baremazioa bezalako gaiak landuko genituzke.
Hortaz, Lan Hitzarmen berriaren negoziazioa abian jarri da. Lehen bilera horretan enpresak
ekarpen xumeak egin zituen. Lan Hitzarmeneko lehen 3 kapituluak landu ditu: hitzarmenaren
aplikazio eremua, salaketa, luzapena eta antolaketari dagozkionak, alegia.
Halaber, Haurreskolak Partzuergoarekin elkarrizketa eta elkarlana sustatzeko bideak ireki izana
balorean jarri nahi dugu. STEILAS sindikatuan argi dugu negoziazioa dela adostasunetara heltzeko
bidea eta, helburu horrekin, Lan Hitzarmen berri duin baten alde borrokatuko dugu.
Bestalde, Zorione Etxezarraga gerenteak adierazi zigun 2021eko urtarrilaren 1etik aurrera
onartutako soldata igoera gauzatu beharko lukeen txosten ekonomikoa oraindik ez duela Gobernu
Kontseilura bidali. Hori egin ezean, gure nominetan ez da igoerarik islatuko, beraz, adi egongo
gara.
Haurren matrikulazioari dagokionez, Zuzendaritza Batzordeak atzera bota du orain dela aste
batzuk alde bakarrez hartu zuen erabakia (asko izan zineten kexaka guregana jo zenutenak).
Haurrak onartzeko araudian hainbat aldaketa txertatu nahi zituen, baina, azkenik, hau izango da
aldaketa bakarra: haurreskoletan plazen %85a beteta ez baldin badago, matrikulazioa irekita
mantenduko da kopuru horretara iritsi arte. Enpresak horren berri emailez jakinaraziko du
haurreskoletan eta web orrian ere argitaratuko du.
Ordezkapenen gaiari buruz ere hitz egin zen bileran. STEILASek argi eta garbi gogorarazi zion
gerenteari ordezkapen guztiak lehen egunetik bete behar dituela eta, burbuilak mantentzeko,
beharrezkoa den pertsonal estra kontratatu beharko duela Prebentzio Protokoloak dioena
zorroztasunez bete ahal izateko.
Covid-19ak eragindako egoeragatik kaltetuak izan diren familientzako hobari ekonomikoak nola
aplikatu aztertzen ari direla aipatu zigun.
Bukatzeko, adierazi nahi dizuegu gure esku dagoen guztia egingo dugula hemendik aurrera ahalik
eta informazio gehien zuekin partekatzeko, negoziazioaren diskrezioaren mugak eta informatuta
egoteko eskubidea uztartuz.
Euskal Herrian, 2021eko apirilaren 26an.