Iraila iritsi da eta berarekin ikasturte berria hasi dugu Euskal Herriko Unibertsitatean. Pandemiaren eraginpean oraindik ere, errealitate aldakor eta aurreikusi ezin honi aurre egiten saiatzen. Gaurkoan, ikasturteari hasiera emateko ekitaldia egingo dugu unibertsitate publikoan eta bertan izan da, besteak beste, EAEko Administrazioaren ordezkari nagusia den IƱigo Urkullu lehendakaria, berari dagokiolarik, hain zuzen, zerbitzu publikoen, oro har, eta zehazki, Hezkuntzako zerbitzu publikoaren jardun egokiaren bermea. Gizarte osoak berdintasunean garatzeko sortutako zerbitzu publikoarena, alegia, eta, horregatik, herritar guztien artean finantzatutakoa.

Baina, gaurkoan, halaber, lehendakariak ez ditu bakarrik jaso protokoloak eskatzen dituen ohiko txaloak. Gaurkoan, beste behin ere, UPV/EHUko gehiengo sindikalak eta ikasleen hainbat elkartek bat eginda gure protesta eta haserrea ere entzun du EAEko Lehendakariak, hain zuzen, Eusko Jaurlaritzak unibertsitateko zerbitzu publikoa kudeatzeko duen modu desegokiagatik. Izan ere, Euskadiko administrazioek inoizko aurrekonturik zabalenak maneiatzen dituzten garai hauetan, UPV/EHU baztertu eta duela 11 urte zuen antzeko aurrekontuarekin mantentzen dute, oraindik ere, nahiz eta gero eta handiagoak eta ugariagoak izan aurre egin beharreko erronka eta beharrak. Izan ere, arazoak arazo UPV/EHUko irakasle, ikertzaile, administrazio eta zerbitzuetako langileok eta ikasleek gure prestutasuna eta gaitasuna erakutsi dugu irakaskuntza presentzialari eta urrutikoari ere aurre egiteko, nahiz eta horrek aparteko ahalegina eskatu digun guztioi, baita COVIDaren inguruko ikerketa desinteresatua egiteko ere.

Baina, aitzitik, Eusko Jaurlaritzak eta zenbait aldundi eta udalek nahiago dute euren begirada EUNEIZ bezalako unibertsitate proiektu pribatuetara zuzendu, unibertsitate publikoa hobetzera baino. Hala, pandemiaren testuinguru honetan, Eusko Jaurlaritzak 64 milioi euro eskatu dizkie NextGenerationEU berreskuratze-funtsei Innovaraba irabazi-asmoko proiekturako, zeinetatik 12,5 milioi EUNEIZ bezalako unibertsitate elitista finantzatzeko izango liratekeelarik. Gasteizko Udalak eta Arabako Foru Aldundiak, bestalde, iragarri dute bakoitzak 480.000 euro emango dizkiola Saski Baskonia eta Deportivo Alaves Kirol Sozietate Anonimoek sustatutako proiektuari.

Are gehiago, EUNEIZek abuztuan indarrean sartu den Unibertsitateak eratzeko Dekretu berrian eskatzen diren gutxieneko baldintzak beteko ez zituela ikusita, Eusko Jaurlaritza babesten duten bi taldeek, EAJk eta PSE-EEk, zortzi emendakin erregistratu dituzte Eusko Legebiltzarrean, beharrezko baldintzak bete gabe ere, EUNEIZ onartzeko lege proiektuak arazorik gabe aurrera egin ahal dezan Parlamentuko tramitazioan. Proiektu bat, jakina dena, errepikatu eta bikoiztu egiten dituena, Gasteizen eta Euskadin jada dagoen unibertsitate mailako prestakuntza-eskaintza.

Horregatik, agiri hau sinatzen dugun sindikatuok eta ikasle-erakundeok unibertsitate-proiektu elitista den EUNEIZ gelditzeko eskatzen dugu eta, edonola ere, irabazi-asmoko egitasmoa izanik hura finantzatzeko funts publikorik ez jartzeko.


LAB-STEILAS-CCOO-ELA-CGT/LKN-ESK-ERNAI-UPV/EHUko IKASLE KONTSEILUA