Azken hilabeteetan bizitzea egokitu zaigun egoera zientzia fikziozko film batetik atera dela dirudi. Irudikatu ezin genuen konfinamendu egoerara eraman gintuen, eta paisaia apokaliptiko horren lehen seinalea ikastetxeak ixtea izan zen. Horren ondorioz denak konfinatuta gelditu ginen, publikoa eta pribatua espazio bakar bilakatu ziren. Gauza askotara ohitu behar izan dugu azken hilabeteotan, besteak beste, irizpide argirik gabe lan egitera eta aparteko esfortzuak egitera.

Kontziente izan gara denok jarri behar genuela gure harritxoa egoera berri hau sostengatzeko, eta irakasleok ez gara atzean gelditu, estres handiko egoerei aurre eginez, buru-belarri aritu gara lanean teleirakaskuntzan, edo agian urrutiko irakaskuntzan, batek daki! Guztiz ezustekoan harrapatu gaituen egoerari aurre egiteko gure ordutegiak malgutu ditugu, helburuak birplanteatu, ebaluatu gabe ebaluatzeko tresnak asmatu… eta gure etxeetatik ikasturtea ixteko eta hurrengoa antolatzeko ahalegin guztiak egin ditugu.

Aparteko esfortzua egiteaz gain, ezjakintasunean lan egitera ohitu behar izan gara arauak eta baldintzak bermatu behar zituztenak ez baitira hori egiteaz arduratu. Hezkuntza Sailak noraezean izan gaitu ikastetxeak eta langileak, irizpide garbirik eman gabe eta normaltasunaren itxura mantendu nahian, zientzia fikziozko egoera areagotuz, eta guztiz ulertezinak ziren erabakiak hartuz. Esate baterako, Cristina Uriartek bat-batean maiatzaren 18an aurrez aurreko klaseetara itzuliko ginela esan zuen inongo aurreikuspenik gabe eta dagoeneko langile guztiek ikasturtea ixteko eginiko plangintzari entzungor. Aldebakarreko inprobisazioz eta berme juridikorik gabe hartutako erabakiak hezkuntza komunitate guztiaren plantoa topatu zuen aurrez aurre, eta noski, gu guztion zentzutasunari esker lortu zen erabaki hori etetea eta egoera modu egokian bideratzea. Edonola, Cristina Uriarte triunfalista agertu da komunikabideetan bere itzulera planaren arrakastaz mintzatzen, zientzia fikziozko film honetan, gure hizkuntza bera hitz egiten ez duen estralurtarra dirudiela.

Ildo berdinetik, gaur jakin dugu, prentsaren bidez, berriro ere (sindikatuekin ez baitituzte langileen lan baldintzetan eragina izango duten neurririk adosten), datorren ikasturterako ez dela salbuespen-neurririk egongo. Hau da, dena normala balitz bezala jokatuko dugu, gertatu den guztia normala ez beste guztia izan bada ere. Etengabe entzun diegu Hezkuntza Saileko buruei pandemiak ez lukeela ikaslerik atzean utziko, baina neurriak hartzeko unea iristen denean ezikusiarena egiten dute. Begi-bistakoa da bizi izan dugun egoerak ondorioak izan dituela, bereziki egoera zaurgarrian dauden ikasleengan; ikasleen arteko arrakala areagotu du, hezkuntza premia bereziko ikasle askok baliabiderik gabeko konfinamendu bikoitza bizi izan du eta, orokorrean, ikasle asko egoera lazgarrietan egon da etxean, klaseak ezin jarraitu. Orain egoera hori konpentsatzeko baliabideak jarri beharko dira eta horretarako salbuespenezko aurreikuspen bat egitea dagokio Hezkuntza Sailari. “Normaltasunaren” itxura egiteak ez du “normaltasunik” ekarriko, neurriak eta baldintzak jartzea, ordea, bai.

Bitartean, Urkulluk egoerari aurre egiteko elkartasuna eskatzen die funtzionarioei, egoera normaltasunez kudeatu behar bada ere, badirudi kalte-ordainak noren lepora izango diren erabaki duela gobernuak oraingoan ere. Langileok argi dugu egoera honi aurre egiteko gure esfortzua ezinbestekoa izan dela eta izango dela, horrela jokatu dugu orain arte eta gure prestutasun osoa agertzen dugu honela lanean jarraitzeko. Baina ez dugu onartuko EAJak salbuespeneko egoera hau baliatzea gure bizitza prekarizatzeko, gure eskubideak murrizteko eta eskola publikoa are eta gehiago alboratzeko. Bizi dugun egoera lazgarri hau gainditzeko zerbitzu publikoen aldeko apustu garbia eta berauen pribatizazioa etetea ezinbestekoa da, baita hezkuntzan ere. Gogoan izan dezagun administrazio publikoko lan baldintzak gizarte osoaren lan baldintzen termometroa direla, beraz, kontuz ibili beharko gara, dirudienez gure bizi baldintzei dagokionez “normaltasuna” ez baita irizpidea izango.