2020ko uztailaren 2ko mahai negoziatzaile

Uztailaren 2an  Haurreskolak Partzuergoak mahai negoziatzaile batera deitu gintuen. Baina, atzokoa ere ez zen mahai negoziatzailea izan, informazioa eman eta eskaerak egiteko topagunea bihurtu zuen mahai negoziatzailea enpresak. Salatzekoa da ere Eusko Jaurlaritzako ordezkaria berriz ere bilerara etorri ez izena, bere egin beharra denean.

Bilerarekin hasteko, 2020-2021 ikasturtean Haurreskoletan jarduteko protokolo orokorra aurkeztu ziguten. Bertan eman daitezkeen hiru agertoki desberdinak azaltzen dira eta horrek nola eragingo zigun bai hezitzaileei baita kudeaketako langileei ere. Hauek dira hiru agertokiak:

1.   Agertokia, normaltasun egoera: %100 aforoa eta gaur egun erabiltzen ditugun babes neurriak (irailetik aurrera aurreikusten da).

2.   Agertokia, tarteko egoera: tokian tokiko erabakiak, Eusko Jaurlaritzaren zirkular eta aginduetan oinarrituta.

3.   Agertokia, kofinamendu osoa.

Honetaz gain, matrikulazioari buruz esan behar dugu, momentu honetan, oraindik behin behineko datuak argitaratu ez diren arren,  dituzten datuen arabera %20an jaitsi dela matrikulazioa. Gainera on-line egin den matrikulazioarekin arazoak izan dituzte eta erreklamazio ugari espero dituzte. Adi baremoekin eta egokitutako ordainketa tramoekin.

Esleipenen inguruan ere hitz egin genuen. Aurten ez dira ordezkoentzako esleipenak egongo eta ez dituzte printzipioz kontratu berriak banatuko. Enpresak joan den ikasturtetik gaur egun arte galdu diren kontratu egonkorren kopurua (LEP-arteko eta behin betikoen artea) mantentzeko konpromisoa ez du hartu eta matrikulazioren arabera irailean beharrezkoa den kontratazioa telefonoz egingo du. Hau erabat lotsagarria da, ez dugu onartuko lanposturik  galtzea.

Mugimenduak aurreikusten dituzte irailerako eta mugimendu horien prozesua abuztuan jarriko da martxan eta irailaren 1ean era presentzialean egingo dira. Gai honen inguruko azalpenak hurrengo asteetan argitaratuko ditu enpresak. Guk eskatu dioguna da mugimenduetarako erabiltzen dituzten irizpideak argiak izatea, hala nola azaroan hasiko diren haurren matrikulak kontuan izatea, prebentzioak ezarritako protokoloak dakarren lan zama kontuan izatea, koordinazioarako eta prestakuntzatako denbora kontuan izatea…

Bukatzeko, Haurreskola batzuk diru sarrerak ez izateagatik dituzten zorrak, enpresak ekonomia departamentuen bitartez kudeatzeko konpromisoa hartu du. Enpresari exijitu diogu haurreskolak beharrezkoak diren babes neurriak izateko behar besteko diru sarrerak bermatuta izatea. Baiezkoa eman digu eta funtzionamenduko partidan prebentzio gastuak txertatuko dira.

MURRIZKETARIK EZ NEGOZIAZIOA BAI!!