Joan den astean STEILAS sindikatuak prentsa ohar baten bitartez, zera salatu zuen:

“Azken egunetan, Hezkuntza Sailburua eta Haurreskolak Partzuergoko Zuzendaritza
Batzordeko lehendakaria den Jokin Bildarratzek , hedabideetan maiz esan du eskoletan
izurritearen ondorioz sortutako ordezkapenak betetzen ari direla, baina hau ez da horrela.
Haurreskolak Partzuergoan ezta ere, ez dira ordezkapenak betetzen ari.”

Badakigu, joan den asterarte, enpresa, haurreskolak zabalik mantentzeko helburuarekin
hezitzaileak aparteko orduak egitera behartzen ari zela. Ustez, lanerako prest dauden
hautagaiak aurkitzen ez dituelako. Egoera hau ez da berria, beste momentu askotan ere
trikimailu hori erabiliz lortu izan du enpresak egoerari aurre egitea. Nahiz eta STEILAS
sindikatuak askotan salatu izan duen kudeaketa langileen baliabide falta, Haurreskolak
Partzuergoko gerente ezberdinek ez dute inoiz gai hau seriotasunez hartu.

Gauzak horrela, egoerak eztanda egin du. Aste honetan pertsonal departamentutik
lanerako prest dauden hautagaiak topatzen ez dituztela baieztatu digute. Pertsona bat
aurkitzeko egin behar duten dei kopurua zenbatezina dela diote. Kudeaketa langileak
gainezka daude. Jakin badakite, egunero haien lana egin gabe uzten ari direla, eta
horrek haiengan ezinegona sortzen du. Gabezi hauek arazo estrukturalak bihurtu dira, eta
orain haurreskolen egoera oso tamalgarria da.

Egoera hain da kaskarra, non, aste honetan, egun bat baino gehiagotan; adibidez,
haurreskola batean, 28 haurrekin bi hezitzaile eta erdi egotera heldu direla.
Nola da hau posible? Nork bermatuko du haur horien segurtasuna? Non gelditu dira
osasun protokoloak? Nork bermatu behar ditu langileen lan baldintzak? Eta eskubideak?

Muturreko egoera batean gaude, Haurreskolak Partzuergoan inoiz eman ez den egoera
larri baten aurrean. Horregatik, Haurreskolak Partzuergoko gerenteari ausardiaz eta
arduraz jokatzeko eskatzen diogu. Muturreko egoeretan muturreko erabakiak hartzeko gai
izan beharko luke. Adibidez; haurreskolen beharrak hezitzaileekin ornitu ahal izateko
salbuespeneko deialdi edo aplikatibo berezi bat egin beharko luke; ordezkoen zerrendan
lan eskaintza onartzeko prest dauden hautagaiek izena eman ahal izateko, aukera eman
hautagaiek borondatez alde baterako bajan jartzeko…

STEILAS sindikatuak, Haurreskolak Partzuergoan ordezkapenak lehen egunetik betetzea,
eta kudeaketa langileek behar dituzten baliabide teknikoak eguneratzea exijitzen du.
Langileak pairatzen ari diren lan kargekin amaitzeko eta familiek zein haurrek merezi
duten zerbitzua bermatu ahal izateko.

STEILASen langileen lan baldintzen defentsan jarraituko dugu, eutsi gogor!!!