Martxoaren 29an, Zuzendaritza Batzordeak onartu zituen bi araudiek ez diote inongo mesederik egiten
Haurreskolak Partzuergoak ematen duen zerbitzuari.
Hauek dira aldaketa eta gako esanguratsuenak:

• Haurreskolen ordutegia 7:45tatik 16:00ak arte mugatu dute. Luzatuko aukera izango da, soilik, baldin
eta gutxienez 3 haurrek eskatzen badute.
• 2022-2023 ikasturtean izen-emate epe bakarra egongo da, 2022ko apirilaren 11tik 2022ko
maiatzaren 9ra arte eta gainera, irailean hasteko aukera egongo da soilik. Ondoren, ikaspostuak libre
baleude, izen-emate prozesua irekita egongo da eta eskaerak data hurrenkeraren arabera ordenatuko
dira.
• Ikasturte honetan aplikatu diren kuotak berdin-berdin mantenduko dira.

Araudi honekin STEILAS sindikatuak ondorio kezkagarri hauek ikusten ditu:

• Zerbitzuaren ordutegi orokorra mugatzeak haur galera ekarriko du, haur eskola pribatuetan eskaintza
handiagoa mantentzen delako. Araudi berriak dio, 3 familiek eskatuz gero ordutegia luzatzeko aukera
izango dela, baina ez du zehazten zenbat denboraz luzatu ahalko den gehienez.
• Haurreskoletako matrikulazioa, berriz ere, eskolako matrikulazio prozesu orokorretik at egingo da eta
ondorioz, haur eskola pribatuek jada beraien kanpainak eginda izango dituzte Haurreskoletakoak
egiten direnerako. Honetaz gain, beste behin ere, publizitate kanpaina indartsu bat egitea eta
datorren ikasturtean Haurreskolak ere matrikulazio kanpaina orokorraren parte izatea eskatzen dugu.
Haurrak irailean hasteko matrikulatu daitezkeenez soilik, haurreskola txikiak ixteko arriskua dator. Eta
noski, honekin batera, irailean ere hezitzaileak desplazatuak izateko aukerak areagotzen dira, ezin
baita urrian eta azaroan hasiko den haur kopurua aurreikusi.
• Doakotasunaren bidean ere ez da urratsik eman. Beraz, 2018an Lege Biltzarrak hartutako
konpromisoak bete gabe mantentzen dira (doakotasunean urratsak ematea adostu baitzuten) eta
pribatuekiko lehia gainditzea ezinezkoa da, diru laguntza publikoei esker kuotak merkatzeko aukera
baitute.

STEILAS sindikatuak argi du, araudi hauek zerbitzuaren kalitatea, hezitzaileen lan baldintzak eta lanpostu
kopurua baldintzatzen dituztela eta ondorio larriak izan ditzaketela; hala nola hezitzaileen lanpostuen galera
eta Gasteizko Txantxangorri haurreskolaren itxiera, besteak beste. Era berean, Zuzendaritza Batzordeak
langileen ordezkariekin negoziatu gabe eta alde bakarrez hartutako erabakiak direla salatzen du
STEILASek.