Unibertsitatez kanpoko irakaskuntza publikoa. Hezkuntza Sailak gure aldarrikapenei edukizko erantzun egoki bat eman gabe jarraitzen du.
Gauzak horrela, mobilizazioak indartzea besterik ez zaigu geratzen.
Abenduaren 18an mahai sektoriala izan genuen, lan akordio berri baten bidean artikulu batzuen lanketa gauzatu eta sindikatuen ekarpenak baloratzeko.
Urriak 24 eta 25ean Unibertsitatez Kanpoko Hezkuntza Publikoan grebak deitu genituen lan-baldintza hobeak aldarrikatuz, atzo beste greba egun bat izan genuen. Eskertzekoa da milaka pertsonek egindako esfortzua egunotan eta horri esker jarrera aldaketa bat nabaritu dugu. Atzerapauso gutxi batzuk kendu dituzte, baina beste batzuk bere horretan geratu dira eta hobekuntzak Madrildik datozenak dira, hau da, gorago dauden arauek ezarritakoak dira.
Beste gaiei dagokionez, besteak beste, soldata, lan-karga eta erretirorako neurriei buruz hitz politak entzuten hasi gara eta bileretako Hezkuntza Sailak dakarren jarrera aldatzen ari dela ikusten dugun arren, ezin gara etorkizuneko asmoetan eta hitz politetan oinarritu, idatzitako lan-baldintzen hobekuntza zehatzetan baizik. Eta gaur-gaurkoz ez daukagu hobekuntza asmo horien zehaztasunik.
Hezkuntza Sailaren arreta berreskuratzeari buruz ez dute ezer esan, kontziliazio neurrietan aldaketa esanguratsurik ez dago eta aste honetan ordezkapenak hartzen ari diren langileei (Aldi Baterako Ezintasunen ordezkapenak hartu dituztenei) kontratuak abenduaren 22ra arte soilik egin dizkiete. Beraz, orokorrean egoera ez da ona langileentzat eta funtsean egoerak bere horretan jarraitzen du.
Irakasleon lan baldintzak asko kaskartu dira eta egoera larria iruditzen zaigu, hortaz, proposamen zehatzak jaso ezean, mobilizazioekin jarraitzea besterik ez zaigu geratzen Hezkuntza Sailak irakasleoi ematen digun tratu txarra eteteko eta hobekuntzak jasoko dituen lan-akordio berri on bat lortzeko.
Steilas sindikatuaren ustez Lan-akordiorako aldarri garrantzitsuenak hauek dira:
- Erretirorako neurri zehatzak.
- Lan-zama jaistea.
- Hezkuntza Sailaren langileekiko arreta berreskuratu!
- Kontziliaziorako neurri errealak ezarri!
- Udako kobrantza berreskuratu!
Eros ahalmenaren %20ko galera berreskuratu.
Ordezkapen guztiak lehen egunetik!
Hezkuntza Sailak ez digu beste biderik uzten eta negoziazio mahaietan gure aldarrikapenei erantzuteko edukiz beteriko proposamenik izan ezean, argi dugu mobilizazioak indartu beharko ditugula!
Leave A Comment