Euskal gehiengo sindikalak Oñatin lan istripuan hildako garraiolari baten heriotza salatu nahi du

PREKARIETATEA HILTZAILEA!!

LAN ISTRIPU GEHIAGORIK EZ!!

EUSKAL GEHIENGO SINDIKALAK OÑATIN LAN ISTRIPUAN
HILDAKO GARRAIOLARI BATEN HERIOTZA SALATU NAHI DU
Lehenik eta behin gure doluminak eta elkartasuna adierazi nahi dizkiegu atzo lan istripuan hil zen garraiolariaren senide eta lagunei. Euskal gehiengo sindikalaren salaketa ondorengoa da: beste sektore askotan gertatzen den moduan, garraioan ere lan baldintzak gero eta prekarioagoak dira. Garraiolariek ez daukate giza nahiz lan gaixotasunen aurrean babes egokirik askotan, izan ere, gehiengo batean langile autonomoak baitira, eta gainera, berauek edukitako lan istripuak ez dira maiz estatistika ofizialetan kontutan edukitzen. Horrela, Administrazioek beste alde batera begiratzen dute, sektoreak bizi duen prekarietate egoeraren ezagun izan arren.
Azpimarragarria da garraiolariek jasaten dituzten lan istripuen gehiengoak errepideetako merkantzien garraioak urte luzez pairatzen daraman prekarietatea eta desregulazio basatia agerian uzten dituela. Gainera, garraiolarien eskubide eza ere nabaria da, izan ere, lana mantendu ahal izateko, askotan kargatzaileen presak, ezinezko ordutegiak, gehiegizko pisudun kargak, prezio baxuak, lan egun luzeak eta atseden eza jasan behar baitituzte. Beste askotan, gainera, zamaren deskarga egitera behartuak direlarik. Hauek eta honelako beste hainbat arrazoi dira lana modu seguru eta duinean egitea oztopatzen dutenak, garraiolarien bizitza arriskuan jartzeaz gain. Arazo hauek dira Administrazioak behin eta berriz ezkutatzen saiatzen direnak, beste alde batera begiratuz gehienetan, beraien nahia garraio merkea lortzea baita, edozein preziotan.
Honegatik guztiagatik, gehiengo sindikaleko kideok elkarretaratzea egingo dugu datorren asteartean, urtarrilak 10, Donostiako Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritzaren aurrean, goizeko 11.30tan. Mobilizazioa ezinbestekoa da eta istripuak gertatzen direnean ELA, LAB, ESK, STEILAS, EHNE eta HIRU bertan egongo gara salaketa egiten eta hildako langilearen familia eta lagunei babesa ematen.
ELA – LAB – ESK – STEILAS – EHNE – HIRU

  • Add to favorites
  • email
  • Facebook
  • PDF
  • Print
  • Twitter

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude