GURE BABES OSOA EUSKAL HERRIKO MUGIMENDU FEMINISTARI.

STEILASetik oraingoan ere guztiz bat egiten dugu mugimendu feministak plazaratu duen irakurketarekin. Oso aproposa iruditzen zaigu Zaintza Koordinatzeko mahai bat eratzea eta bertan egoteko prest eta gogotsu azaltzen dugu gure burua.

Ezinbestean egoera honek sakoneko irakurketa behar du eta salbuespeneko jokabidea. Aspaldi gabiltza esaten bizitzak erdigunean jarri behar direla baina bizitzak eta bere zaintza krisian dirauela ukaezina da. Hori da hain zuzen ere oraingo krisialdi honek azalaratzen duena, gure ahuleziak, egin gabeko etxeko lanen berri ematen du. Kaltetuak ordea ez dira etxeko lanak egin ez dituztenak baizik eta katearen amaieran kokatzen diren horiek; langabezian gelditu direnak, abandonaturiko animaliak, dagoeneko prekarioak zirenak, kalean lo egiten dutena, etorkinak, sarerik ez dutenak, etab. Eta ezin ahaztu horietako askok emakume aurpegia dutela.

Egoera honek zerbitzu publiko eta unibertsalaren inguruko gogoeta ere sorrarazten du. Zerbitzu publiko indartsuak ezinbestekoak dira pandemia honi aurre egiteko, Koronavirusak, itunpeko zerbitzuak ezbezala, ez baitu pertsonen arteko bereizketarik egiten. Pandemia honek erakusten duena interdependenteak garela da, horregatik hain zuzen ere behar ditugu guztiontzat diren zerbitzu publikoak.

Gure sektorea, hezkuntza, ez da bereziki prekarizatua den eremua, baina bai nabarmenki feminizatua. Hori horrela emakumeak dira jardunaldi murriztuetan eta lan prekarizatuenetan daudenak bereziki. Egoera guzti honek, besteak beste, jardunaldi murriztu askoren etetea sortu du baita ordezkapenak ez betetzea. Beraz gurean ere gutxi zuten horiek galduko dute dena. Horregatik guk ere dei egiten diogu gobernuari guzti horien lana eta bizitza babestu dezan, eta hori egiteko neurriak gurekin elkarlanean hartu ditzan.

Beraz, berriro ere gure babes osoa luzatzen diogu mugimendu feministari, baita bere aldarri eta eskaerari ere. Gauzak desberdin egiteko unea iritsi da, guk nahi ala ez!

GORA BORROKA FEMINISTA!