Euskal Herriko Unibertsitateak eztabaida, ekimen eta pentsamendu kritiko eta autokritikorako gunea izan behar du. Hor kokatzen ditugu Herri Unibertsitatea bezalako ekimenak, ikasleek beren kabuz, modu autonomoan antolaturikoak. Unibertsitate publikoak beharrezko baldintzak eskaini behar dizkie halako ekimenen sustatzaileei, betiere funtzionamendu adostu bat bilatuz eragile ezberdinen artean.

Zoritxarrez elkar ulertze hau ez da beti lortzen eta atzo Bilboko Ingeniaritza Eskolan gertatukoa dugu horren adibide. Honek kalte egiten digu guztioi, ikasleei, irakasleoi, AZPko langileoi,… azken finean Unibertsitate osoari. Aurrera begira, guztiok horrelakorik berriro errepika ez dadin jarri behar gara lanean.

Badakigu aurten saiakerak egin direla Ingeniaritza Eskolan Herri Unibertsitateko saioak eta itxialdia modu adostuan egiteko, beste zenbait ikastegitan egin ohi den bezala. Ezarritako baldintzak ez dira, ordea, nahikoak izan eta desadostasuna istiluetan bukatu da.

steilasen ustez hau guztia zentzugabea da. Unibertsitateak ez luke Herri Unibertsitatearen jarduera oztopatu behar, are gutxiago Ertzaintzaren halako erakustaldia ahalbidetu Unibertsitate barneko arazo bat konpontzeko. Ikasle batzuen erantzunak ere, inongo arrazoirik gabe kalteak eraginez zentroan, ez dira onargarriak, ez dute Unibertsitateko elkarbizitza hobetzen laguntzen eta aitzakia ematen diete bide errepresiboak hobesten dituztenei.

steilasen ez dugu atzera begira jarri nahi. Aurrera egin nahi dugu eta horregatik uste dugu etorkizunean beste ikastegietan lortutako akordioen ildotik jarraitu behar dela lanean, tentuz eta leialtasunez, alde guztien arrazoiak eta eskakizunak ulertzen eta partekatzen saiatuz.

Eta ikasleei eskatzen diegun tentu eta proportzio bera eskatzen diegu agintariei ere atzoko ondorioak kudeatzeko orduan. Sua ezin baita suarekin itzali. Ertzaintzak ehunetik gora Ikasle identifikatu zituen. Gazte hauek guztiak, txikizioen errudunak izan zein ez, Mozal legearen mehatxupean daude hemendik aurrera. Eta zigor gogorra jasotzeko aukera guztiak izango dituzte, tamalez, kasu gehienetan itxialdi batean parte hartu izanagatik, eta ez, hain justu, txikizioak egiteagatik.

steilasek lanean jarraituko du UPV/EHU gure unibertsitate publikoa eztabaidagune izan dadin, guztion arteko adostasunak sustatzen eta desadostasunak daudenean haiek kudeatzeko tresnak bilatzen, inposiziorik onartu gabe.