STEILASek Cristina Uriarte Hezkuntza Sailburuaren dimisioa eskatzen du

  • Patronalaren alde egin duelako Gizarte Ekimeneko ikastetxeetako lan gatazkan

  • Hezkuntzako langileen ordezkaritza legala iraintzeagatik

  • Kezkagarria iruditzen zaiolako sindikatuek hezkuntza sistema publikoaren alde egitea

Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailburuaren adierazpenek harridura sortu dute hezkuntza komunitatean. “Susmoa” omen du sindikatuek lan hitzarmen berriaren aldeko mobilizazioen helburua itunpeko ereduaren aurka joatea dela, eredu publiko zabalagoaren mesedetan.

Ez da horrelako baieztapenak entzuten ditugun lehenengo aldia. Patronalekin batera, Eusko Jaurlaritzako sailburu batek baino gehiagok indarrean dagoen Itunpeko Gizarte Ekimeneko gatazkan sindikatuen “ezkututako helburuak” aipatu izan du, baina Hezkuntza Sailburua termino horietan aritzea bereziki larria da. Horrez gain, gatazka honetan beste behin Patronalaren alde egin du, Kristau Eskolaren esfortzua goraipatuz.

Konfliktoaren arrozoietatik aldendu eta arreta desbideratzeaz gain, hitz horien atzean dagoen mezuak kezkatzen gaitu, sakoneko eztabaida batera eramaten gaituelako. Kontseilariak harro egon beharko luke sare guztietan ordezkaritza dugun sindikatuok eskola publikoaren alde egiten dugula uste badu benetan, bere zuzeneko ardurapean dagoen eskolaren alde egiten dugulako, alegia. Aldiz, aipatutako elkarrizketan, kezkatuta agertzen da. Zer nolako “ arrazoi izkutua” dauka Hezkuntza Sailburuak hezkuntza publikoaren aldeko defentsak kezkatzeko?

Horregatik guztiagatik, STEILASek Cristina Uriartek dimititu dezan eskatzen du, Patronalaren alde egin duelako Gizarte Ekimeneko ikastetxeetako lan gatazkan eta hezkuntzako langileen ordezkaritza legala iraintzeagatik; baita kezkagarria iruditzen zaiolako sindikatuek hezkuntza sistema publikoaren alde egitea ere.