2019-2020 ikasturtea hasi denetik hilabete bakarra besterik ez da pasatu eta, dagoeneko, enpresak arrazoiak soberan eman dizkigu Haurreskolak Partzuergoak bizi duen egoera eta azken urteetan daraman dinamika eta zentzugabekeria berriz ere salatzeko.

Haurreskola bakoitzean hezitzaileek, familiek eta haurrek ikasturte hasiera guztietan pairatzen dituzuen egoerak, mugimenduak eta ezinegonak aurten ere errepikatu egin dira. Urteak pasa ahala normalizatu egin diren egoerak izatera iritsi dira zoritxarrez, eta hain barneratuta ditugun egoerak dira, non askotan ez ditugun hauek zalantzan jartzen ezta gure eskubideak aldarrikatzen. Inposatzen dizkiguten mugimenduen aurrean, adibidez, hezitzaileek ez dugu zereginik. Erabaki horien atzean dagoen gardentasun falta nabarmena da; zeintzuk dira erabiltzen diren irizpideak erabaki horiek hartzeko? Haurreskolak Partzuergoak ez digu inoiz erantzun garbirik emango, eta erakunde publikoa garen heinean, larritzat jotzen dugu langileekin jarduteko modu hau.

Honetaz gain, aurten Kudeaketa lankideen mobilizazioekin hasi dugu ikasturtea. Lankide hauek beraien eskubideak defendatzeko aurrera eraman duten dinamika handia izan da azken ikasturtean. Honen aurrean, enpresak eta Eusko Jaurlaritzak duten jarrera lotsagabea da: sindikatuak, enpresa eta Eusko Jaurlaritzaren ordezkaria biltzen dituen Haurreskolak Partzuergoko Mahai Negoziatzailearen bigarren atzerapena jakinarazi ziguten atzo bertan. Ondorioz, epeak berriz ere luzatzea lortu dute, eta langileen ezinegona eta horretan lanean ari garenon frustrazioa eta haserrea areagotu dute. Enpresak erakusten duen begirune eza ere ozen salatzeko modukoa da (langile gutxi lan karga aurrera  ateratzeko, presioa, utzikeria eta abar luze bat).

Hau guztia gutxi izango ez balitz, atzo enpresak akats larri bat egin zuen zerrendaren kudeaketari dagokionean: Bizkaiko ordezkoen zerrenda eguneratzerakoan, bertan izena emanda gauden hezitzaileon datu pertsonalak argitaratu zituen. Akatsa zuzendu orduko, datu horiek  edozeinek deskargatu ahal izan zituen. Datuen kudeaketan eta hauen babesean eginiko akatsa larria izan da, eta ezin da inondik inora errepikatu.

Ezin dugu ahaztu, gainera, aurten langile askok Haurreskolak Partzuergoa uzteko erabakia hartu duela Hezkuntza Ordezkaritzan lanean hasteko, lan baldintza hobe eta etorkizun argiago baten bila. Urte asko eman ditugu eskubide hori aldarrikatzen eta borrokatzen eta, azkenik, borroka horrek emaitzak eman zituen. Hori horrela izanda, ez al dio enpresari ezer pentsarazten? Zergatik uzten dute enpresa hezitzaileek? Ez al dugu etorkizunik ikusten Haurreskolak Partzuergoan?

Azken finean, honek guztiak zera erakusten du (STEILASek azken urteotan behin eta berriz nabarmendu eta salatu duen bezala), Haurreskolak Partzuergoak goitik beherako aldaketa behar duela bere kudeaketa ereduan. Duen enpresa izaera izanda, barne dinamiken kontrol eza larria da. Ezinbestekoa da Hezkuntza Sailak honen gaineko kudeaketa eta kontrol zuzena behingoz gauzatzea, enpresak etengabe hartzen dituen erabaki arbitrarioekin bukatzeko, erantzunik gabeko galderekin eta aproposak ez diren erantzunekin bukatzeko, eta langileen eskubideak modu kontzientean urratzeari uzteko. Noiz arte jarraitu behar dugu epaitegietara jotzen langileenak diren eskubideak aldarrikatu eta defendatzeko?

Ohar honen bitartez, STEILASkide eta Haurreskolak Partzuergoko langile bezala egoera salatu eta gure haserrea eta frustrazioa adierazi nahi dugu, eta Haurreskolak Partzuergoko langile guztiok egoera horren jakitun egin. Asko luzatzen ari den egoera da hau, eta ezin dugu denbora askoan berdin jarraitu. Era berean, enpresari exijitu nahi diogu enpresa utzi nahi ez dugun hezitzaileak behar bezala zaintzen eta baloratzen has dadila, enpresa uzteko erraztasunak emateaz gain, gelditu nahi dugunon eskubideak gehitzen eta errespetatzen. Informatzen jarraituko dugu.

Euskal Herrian, 2019ko urriaren 1ean.