EAJren agendan murrizketak egon daitezke Hezkuntza Premia Bereziak dituzten ikasleei baliabideak esleitzerakoan baliatzen diren erreferentziazko irizpideak aldatuta
Hezkuntza arloko hainbat iturritik beren kezka helarazi digute, izan ere, Hezkuntza Sailak argitaratutako jarraibide baten bitartez ikastetxeetara bideratutako baliabideak nabarmen murrizteari atea irekitzen zaio. Jarraibide horrek Hezkuntza Premia Bereziak eta ikasteko zailtasunak dituzten ikasleei baliabideak esleitzeko erreferentziazko irizpideak sakon aldatzea ekar lezakeen susmoa orokortu da.
STEILASetik gure egonezina plazaratu nahi dugu moldaketa horrek dakarren gardentasun faltarengatik; are gehiago, egun lan-akordioa berritzeko negoziazio-mahaia irekita dagoenean. Gure kezka adierazi nahi dugu, egun dugun informazioari erreparatuta, esparru honetan EAJren agendan murrizketak gauzatzea egon baitaiteke.Sindikatutik beti kritikatu izan dugu Hezkuntza Sailak baliabide horiek esleitzeko jarraitzen dituen irizpideak, eta ezinbestekoa deritzogu horiek aldatzeari Behar Bereziak dituzten ikasleei erantzun eraginkorra eman ahal izateko. Moldaketa horretaz gain, STEILASentzat lehentasunezkoa da Pedagogia Terapeutikoko egungo plantilla finkatzea, hezkuntza inklusiboa eta kalitatezkoa bermatzeko. Honenbestez, sindikatuak aurreko bermeak arriskuan jartzen dituen edozein murrizketa zantzuren aurka egingo duela jakinarazten dugu.
2020ko otsailaren 16an
Leave A Comment