Abenduaren 10 eta 16ko eta urtarrilaren 25 eta 27ko greba egun arrakastatsuen ostean eta Hezkuntza Sailak deitu zuen azkenengo mahai negoziatzailetik bi hilabete pasa direnean, gaur, otsailaren 22, greba eta mobilizazio dinamikarekin hasi gara langileon % 72ko jarraipena izanik; gaur, bihar eta asteazkenean (otsailak 22, 23 eta 24) gauzatuko direnak. Lotsagarria eta erantzukizun politiko eskasa izatea iruditzen zaigu EAEko Hezkuntza Saileko arduradunen negoziatzeko borondate eza eta langileon aldarrikapenei horrela muzin egitea.

  Abenduaren 22ko mahai negoziatzailean Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailak Haurreskolen bideragarritasuna zalantzan jartzeaz gain, 2018ko irakaskuntza publikoko kolektibo guztien mobilizazioen baitan burutu genuen dinamika luzearen osteko akordioen artean, Haurreskolak Partzuergoan sinatutakoa soilik ez dagoela indarrean esatera ausartu ziren inongo lotsarik gabe.

Gauzak horrela, berririk gabe jarraitzen dugulako, egin dezakegun balorazio bakarra, bilera birritan atzeratu ostean, Jokin Bildarratz lehendakari den Haurreskolak Partzuergoko Zuzendaritza batzordea ez dela bildu. Batzordera errebisatzera eraman nahi zituzten akordioak ez dituztela eraman, beraz, eta ematen du alde bakarrez momentuz ez dituztela berrikusi.

Isiltasun hau negoziazio kolektiboaren kontrako eraso zuzena eta alde sozialaren lana oztopatzeko eta ikusezin bihurtzeko ahalegina dela salatu nahi dugu. Urteetan zehar Haurreskolak Partzuergoan lortutako hezkuntza kalitatearen defentsan egindako lanaren eta langileak mobilizazioen bitartez lortutako lan baldintzen hobekuntzen defentsan jarraituko dugula argi utzi nahi dugu.

LAB, STEILAS eta ELA sindikatuok EAEko Hezkuntza Saileko sailburuari, Jokin Bildarratzi, haurreskolen etorkizunaren inguruan garbi hitz egin dezala eskatzen diogu, baita pandemiaren ondorioz baldintza ekonomikoak okertu zaizkien familiei Haurreskolak Partzuergoaren kuoten hobariak gauzatzeko, Eusko Jaurlaritzari egin zion eskaera nola gauzatuko den argitzea ere. Era berean, Legebiltzarrak eskatu zizkion erabateko doakotasunerako urratsak noiz emango dituen azaltzea dagokio.

Haurreskolak Partzuergoaren etorkizuna hezkuntza zerbitzu honen doakotasunean eta Hezkuntza Sailean integratzearekin bermatuko dela uste dugu. Bada garaia 0 eta 3 urte bitarteko Haur Hezkuntzako lehenengo zikloari merezi duen aitortza emateko.

Argi daukagu ere Haurreskolak Partzuergoko enpleguaren behin-behinekotasun tasa jaisteko lanpostuak egonkortuko dituen kontsolidazio prozesu bat behar dugula.

LAB, STEILAS eta ELA sindikatuok langileei eta jendarteari argi adierazi nahi diegu egoeraren larritasuna eta mobilizazio dinamikarekin jarraitzeko beharra honako eskaera hauen defentsan:

– Haurreskolak Partzuergoaren doakotasuna eta integrazioa Hezkuntza sailean.
– Dauden akordioak errespetatzea eta betetzea.
– Lan-hitzarmen berriaren negoziazioa abiatzea.
– Langileen behin-behinekotasun tasarekin bukatzea eta lanpostuak egonkortzea.
– Irakaskuntza publikoan Osakidetzak egiten duen Norbera Babesteko Ekipamenduen horniketan Haurreskolak Partzuergoa gehitzea.
– Aurrekontua handitzea.

Bukatzeko, gure eskerrik beroenak eman nahi dizkiegu mobilizazio dinamikarekin eta aldarrikapenekin bat egin duten Haurreskolak Partzuergoko langileei, familiei, udalei, alderdi politikoei (Eh Bildu) eta hezkuntza eragileei ( Hezkuntza plazara, Ikama, …).

Gaur, hilak 22, hiriburuetan elkarretaratzeak burutu ditugu. Bihar, berriz, Eibarren kotxe karabana egingo dugu eta, arratsaldean, hainbat herritan mobilizazioak antolatu dituzte haurreskolako hezitzaile eta familiek. Dinamikak asteazkenean bukatuko ditugu, momentuz, Lakua inguratuko duen manifestazioarekin.

Zerbitzu publiko honen garapenerako borrokan jarraituko dugu! Denon artean lortuko dugu!

LAB, STEILAS eta ELA sindikatuak 2021eko otsailaren 22an.