Haurreskolak Partzuergoan matrikulatzeko izen-emate epea laister irekiko dela jakin dugu. Harriduraz jaso dugu albistea, zeren, ohikoak izaten diren matrikulazio datak zenbait aste aurreratu ditu Haurreskolak Partzuergoko Zuzendaritza Batzordeak. Horren berri emateko enpresaren partetik ez dugu ez informaziorik jaso ezta matrikulazioari buruz hitz egiteko deialdirik jaso ere.

Ezin dugu onartu Haurreskolak Partzuergoko gerentziatik alde sozialarekin kontrastea egiteko, matrikulazio kanpaina negoziatzeko edota deialdiaren nondik norakoak ezagutzeko eta eztabaidatzeko bilerarik deitu ez izana. Gainera, are larriagoa dena, alde bakarrez, matrikulatzeko baldintzak zaildu egin dituzte; badirudi haurreskola gehienetan bizi den matrikulazio jaitsiera kezkagarriak bost axola diela. Familiei matrikulazio prozesua erraztu eta zerbitzua aurrera ateratzeko lan egin beharrean, bide horretan oztopoak besterik ez dituzte jarri. Haurreskolak Partzuergoaren etorkizuna kolokan ipintzen dituzte horrelako erabakiak hartzen dituztenean.

Matrikulazio kanpainari buruz ere berririk ez dugu. STEILASen urteak daramatzagu kanpaina hauen garrantzia azpimarratzen, baina, argitaratutako dokumentuetan, horri buruz ez da ezer aipatzen. Esaldi batekin laburbildu dezakegu egoera hau: ikusten ez dena, ez da existitzen. Eta, jarrera eta erabaki horiekin, Haurreskolak Partzuergoa ikusezin bihurtzen du guztiz kontrakoa egin beharko lukeen Zuzendaritza Batzordeak.

Halaber, aurten ere ez dute STEILASen aldarrikapen garrantzitsuenetako bat kontuan hartu: Euskal Eskola Publikoaren eta Haurreskolak Partzuergoaren matrikulazio epeak bateratzea. Horrela, sare publiko osorako matrikulazio epe bakarra sortuko litzateke (pribatu itunpekoan bezala), eta Haurreskolak Partzuergoak merezi duen aitortza izango luke.

Era berean, zoritxarrez, baieztatu ahal izan dugu doakotasunean aurrerapauso gehiagorik ez dituztela eman. Erabaki falta horren aurrean, berretsi egiten dugu gure posizioa: Haurreskolak Partzuergoak doakoa behar du izan jendarteari eskaini diezaiokeen zerbitzua ahalik eta modu integralenean garatu ahal izateko. Bide horretan borrokatzen lanean jarraituko dugu STEILASen.

Ezin dugu aipatu gabe utzi gai honetan ere Hezkuntza Sailak duen ardura. Erabaki hauek guztiak onartu eta berresten dituen Zuzendaritza Batzordeko lehendakaria Jokin Bildarratz Hezkuntza Sailburua da. Beraz, momenturen batean, beste alde batera begiratzeari eta Haurreskolak Partzuergoa bere ardurapekoa ez den erakunde bat izango balitz bezala jokatzeari utzi beharko dio hark zuzentzen duen sailak.

Gauzak horrela, STEILAS sindikatuak Haurreskolak Partzuergoko gerentziari eta Hezkuntza Sailari honako hau eskatzen die: alde sozialarekin elkarrizketa lehenbailehen berreskuratzea Haurreskolak Partzuergoaren etorkizuna bermatuko duten erabakiak horren parte garen guztion artean hartzen hasteko.

 

STEILAS