Askotan adierazi dugun bezala, Haurreskolak Partzuergoak bizi duen egoera nola kaskartu den ikusteak kezkatu egiten gaitu.
2021-2022 ikasturtea ez da ezberdina izaten ari, eta, horregatik, gaur bertan Zuzendaritza Batzordera bidali dugun gutuna zurekin partekatu nahi dugu. Egoerak hartu duen itxura hartuta, blokeotik atera beharra azpimarratzeaz gain, eskaera ezberdinak luzatu ditugu.
Jarraian sortutako eskutitza aurkituko duzue.
Pasa den ikasturte bukaeran, ekaina eta uztaila bitartean, mahai negoziatzailearen 5 deialdi utzi zenituzten bertan behera. Azkenik, gai zerrendan puntu bakarra zuela (hezitzaileen abuztuko mugimenduak), uztailaren 23an burutu zen. Ondorioz, mahai gainean zegoen negoziazio prozedura bertan behera gelditu zen. Horretaz gain, 2021-2022 ikasturtera begira uztailean hartu zenituzten konpromisoak ez dira betetzen ari, eta ikasturte honetan oraindik ez da mahai negoziatzailerik gauzatu.
STEILAS sindikatuarentzat, egoera hau ulertezina izateaz gain, onartezina da. Haurreskolak Partzuergoko langileek 8 greba egun burutu ostean jarri zen abian negoziazio prozesua. Administrazioak, alde bakarrez, eta inongo azalpenik eman gabe, mahai negoziatzailearen bilera erritmoa bertan behera utzi du, ordainetan.
STEILAS sindikatuak ez du onartuko gerente aldaketa izatea blokeo horren aitzakia.
Izan ere, bileren metodologiak ez zuen inoiz izan enpresaren eta Hezkuntza Sailaren aldetik sindikatu honek espero zuen erantzun maila. Materialak ez zituzten garaiz bidaltzen, ez zuten adostutako erritmoa betetzen, enpresa eta Administrazioaren arteko harreman falta begi-bistakoa eta lotsagarria zen… Zorione Etxezarraga gerente ohiak berak ere hainbat bilera utzi zituen bertan behera, gainazaleko azalpenak ematen (ematekotan).
Guzti horren aurrean Zuzendaritza Batzordea da erantzule, zuek baitzarete Haurreskolak Partzuergoko organo gorena eta mahai negoziatzaileekin zerikusia duen guztia gauzatzeko ahalmena dutenak.
Horregatik guztiagatik, Haurreskolak Partzuergoarekin arduraz jokatzea eta horrekiko dituzuen betebeharrak gerente berriaren atzean ez ezkutatzea eskatzen dizuegu, egoerak ezin baitu horrela jarraitu.
Hortaz, hori guztia aintzat hartuta eta aspaldian bizi dugun paralizazio egoera gainditzeko, STEILAS sindikatuaren exijentziak hauek dira:
-
Edukiz betetako mahai negoziatzailea deitzea.
-
Lan hitzarmenaren negoziazioa joan den ikasturtean utzitako puntuan berreskuratzea.
-
Enplegu publikoa egonkortzeko eta behin-behinekotasuna jaisteko lege berrian oinarrituz, Haurreskolak Partzuergoko langileen egonkortze prozesua negoziatzea eta martxan jartzea.
-
Eredu gerentziala baztertzeko Hezkuntza Sailak Haurreskolak Partzuergoaren kudeaketa zuzena egiteko beharreko prozesua abian jartzea.
Euskal Herrian, 2021eko abenduaren 14an.
Leave A Comment