Hezkuntzako kontseilariak eta Eskola Baliabideen zuzendari nagusiak jakinarazi ziguten foru lege bat onesteko asmoa zutela, oposizioetara aurkezteko atzerriko hizkuntzako titulazioaren eskakizunarekin. Ideia hori berriro sustatu dute, ez baitzen onetsi irakasleen kidegoetara sartzeari buruzko 276. Errege Dekretuaren aldaketa, Isabel Celaak planteatua, autonomia erkidegoei atzerriko hizkuntzako titulazioa eskatzeko aukera emanen ziena. Kontseilariak aurpegiratu zigun Estatuko Eskola Kontseiluan aurkako botoa eman izana, STEei aipamena eginez, CCOO, UGT, CSIF, ELA eta CIGA sindikatuekin batera aurka agertu baitziren; ANPEk baizik ez zuen aldeko botoa eman. Era berean, Nafarroan, iazko maiatzean, zirriborro horren aurka azaldu ginen LAB, STEILAS, CCOO, ELA eta UGT sindikatuok.

Foru lege hau kokatu nahi dute enplegu publikoan behin-behinekotasuna murrizteari buruzko 20/2021 Legearen aplikazio-prozesuaren barnean, PAIn diharduten irakasleen egiturazko interinitate-tasa altua argudiatuz (% 70, haien datuen arabera), eta ingeleseko (gaztelania eta euskara) eskakizunik gabeko lanpostuen kasuan, berriz, %9koa izanen litzateke, haiek diotenez. Azken datu hori guztiz sinesgaitza da, 2020an bitarteko langileen tasa % 54koa izan baitzen irakasle publiko guztientzat.

Horrela, aipatu foru legea onetsiz gero, egonkortzeko 300 bat plaza deituko lirateke, ingelesarekin, batez ere Haur eta Lehen Hezkuntzan, eta beste batzuk Bigarren Hezkuntzan. Aldiz, askoz ere lanpostu gutxiago egonkortuko litzateke gaztelaniaz eta euskaraz, gutxi gorabeherako kopurua zehaztu gabe, baina, gehienbat, 2016tik aurrerako oposizioetan deitu gabeko espezialitatekoak.
Hori guztia iruzurra da, ingeleseko hizkuntza eskakizuneko lanpostuetan diharduten irakasleak oposizioetara aurkez baitzitezkeen, gainerakoak bezala. Parekatzen saiatzen dira 2016az geroztik deitu ez dituzten espezialitateetako irakasleak funtzionario bihurtzeko abagunerik ez izatea, eta ingelesa eskatzen duten lanpostuetan aritzen direnena, hori gezurra denean. Departamentuarentzat arazo bat da ingeleseko hizkuntza eskakizuna duten lanpostuetan behin betiko destinoa lortzen duten irakasle asko berehala joatea hizkuntza eskakizunik gabeko beste lanpostu batzuetara, lekualdatze lehiaketaren bidez.

Araudi hori ez litzateke bakarrik erabiliko 2022tik 2024ra bitarteko egonkortze aldian, baizik eta Departamentuak baliatuko luke hurrengo deialdietan. Hau da, ingeleseko profila eskatuko litzateke iruditzen zaizkien lanpostu guztietan, bat etorriz 2022an aurkeztu nahi duten PAIren dekretu berriarekin, lanpostuak hornitzeko bestelako prozedura bat finkatuz hezkuntzako etapa guztietara PAI zabaltzen duten bitartean, Lanbide Heziketara barne. Foru lege horrek kontratazio zerrendei ere eraginen lieke, eta, ziur aski, sortuko liratekeen zerrendek LEP arruntetik datozenak ordezkatuko lituzkete.

Jarduketa horien ondorioz, ingeleseko profileko irakasleen plantilla agudo handituko litzateke, eta ingeleseko eskakizunik gabeko irakasleak nabarmen gutxituko. Langile interinoen ehuneko handiak eraldaketa azkarra ahalbidetuko luke, ingeleseko C1 titulurik ez duten irakasleen enplegu-erregulazioko espediente masibo moduko bat eraginez, abiatuta langile interinoek betetzen dituzten lanpostu gehienak ez direla egiturazkoak dioen sasidiskurtsotik. Hala ere, sindikatuoi ez digute datu fidagarririk eman; ekaineko eta abuztuko deialdi handien kopuruak ez dira aintzat hartu, eta ez da esan espezialitate batzuetan plantillaren % 100 interinoa dela. Horren ondorioz, urteetan lanean aritu direnek etengabeko prekarietatean jarraituko lukete, edo ez lukete funtzionarizatzeko aukerarik edukiko, duela urte batzuetatik hona deitutako lanpostu kopuru txikia dela eta; horrela, sisteman urte gehien daramatenek funtzionarizatzeko aukera galduko lukete.

Gainera, ingelesezko behin betiko destinoa eskuratzen duten foru irakasle funtzionarioek aukera izanen lukete lehiaketa autonomikoan gaztelaniazko edo euskarazko behin betiko beste destino bat eskuratzeko, baina ezin izanen lukete parte hartu estatuko lekualdatze lehiaketetan. Horrek bide emanen lioke Departamentuari izateko irakasle funtzionario gatibuak, hedatzeko ingelesaren eskakizuna PT eta AL bezalako espezialitateetara, edo joera azkartzeko tutore berak ingelesez, gaztelaniaz edo euskaraz saio guztiak emateko Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan.

Lege berria aurrera atera liteke Navarra Sumaren eta PSNren botoekin, PSN Parlamentuko beste gehiengo batera lerratzen den heinean. Ziur aski, foru lege proiektu hau sindikatuei jakinaraztea ez da izan UPNrekin aldez aurretik sinatutako akordio baten antzespena baino, UPNk PSNrekin beti partekatu baitu PAIren neurrira egindako oposizioak sortzeko helburua.