]EUSKO JAURLARITZAK HEZKUNTZAKO LANGILEON ORDEZKARI SINDIKALEEI MURRIZKETAK INPOSATU NAHI DIZKIO
Lehenengo aldia da Hezkuntza Saila EAJ-ren esku dagoela eta espero dezagun azkena izatea. Hezkuntza Publikoaren aurka hartutako neurriak ez baitute etenik. Murrizketak kudeatuz, aurrekontu eskasa eskeiniz, LOMCE-ren aplikazio hutsa izango den Heziberri gauzatuz eta beste hainbat neurri atzerakoien ondoren, azkena, urtarrilan 1ean gauzatuko da: langileen ordezkariak garen  sindikatuon aurkako erasoa. Ordezkaritza murriztuko dute.

Abenduaren 23an, asteartea, irakaskuntza publikoko bost sindikatuak deituak geunden Lakuan bilera batera. Ustez, negoziatzeko deituak. Baina, negoziaziorik ez zen eman. Antza, Madrildik datorren musika ustelduaren doinuan gustora dabil dantzan Saila. Orain, Barrio inkisidoreak, parlamentuan eginiko galderaren harira, bapatean 2012ko Real Dekretua aplikatuko du urtarrilaren batetik aurrera Sailak. Dekretuak, bere garaian, Jaurlaritza eta sindikatuon artean lortutako akordioa pikutara botako du. Akordioa, irakaskuntza publikoan kolektibo desberdinak batzearen ondorioz ematen zen ordezkari galera orekatu asmoz gauzatu eta urteetan zehar luzatu da (publifikazioak, kolektibo desberdinen fusioa,…)

STEE-EILAS-ek oso larritzat hartzen du sailaren erabaki hori. Langileen aurkakoa delako, gure antolakuntza kolektiboan murrizketa suposatzen duelako, beraien hezkuntza politikaren aurkako ahotsak ixilarazi nahi dituztelako, berriro ere hezkuntza publikoa jomugan duelako eta ikasturte erdian inposatu nahi dutelako.

Beraz, dekretu horren aplikazioak, sindikatuoi, dugun ordezkaritzan galera suposatuko digu. Ikasturte erdian, liberatuak dauden personabatzuk beraien ikastetxera itzuli beharko dute. Hori dela eta, ikastetxetan liberazioak betetzen ari diren pertsonak, hain zuzen ikasturte osorako plazak hartu zutenak, heuren lanpostuetatik kenduko  dituzte. Jakiteke dago zein egoerara pasako diren. Eta ikastetxeak, ikasturte erdian, nahasmena jasango dute beraien planifikazioan. Ondorio hauek guztiak mahai gainean jarri genizkion Sailari eta ezta kasurik ere. Badirudi, urtarrilaren 1ean indarrean izango dela aipatutako dekretua, baina nola gauzatuko den jakin gabe.

Oztopoak oztopo, STEILASek lanean jarraituko du langileen eskubide eta lan baldintzen alde. Agintariek Hezkuntza eta gizartea orohar zein norabidetan daramaten ikusita, inoiz baino beharrezkoagoa da langileak antolatzea, krisiaren aitzakiapean hartutako erabaki eta eraso hauei tinko eusteko.