Aurrera egin du euskarak urte hauetan Nafarroan. Aurrera egin du zure laguntzari esker. Bertan izan zaitugu, irakasle, esatari, ikertzaile, ikasle, idazle, erabiltzaile, laguntzaile… Zu zara euskarak aurrera egitearen protagonista. Proiektuak eraiki dituzu, zure denboraz eta diruaz elikatu dituzu eta hizkuntza komunitateari aurrera egiteko duzun gogoa kutsatu diozu.
Euskararen aldeko jarduna Nafarroan epikoa izan da. Gu guztiok harrotasunez bete behar gaituen jarduna. Unea da egindakoari dagokion balorea emateko, ordua da bat egiteko eta datozen urteotan indarberriturik ateratzeko. Ordua da denon artean aurrera egiteko modu eraginkorrenak zein diren aztertzeko. Ordua da, beraz, euskaraz bizitzeko eskubidea errealitate bihurtzeko bultzada handi bat emateko.
Aldaketa garaia da. Euskarak Nafarroan aurrera egingo badu beste hizkuntza politika batekin izango da. Hizkuntza politika berria eta eragingarria behar du euskarak.
Apirilaren 25ean, Anaitasunan politika horren oinarriak zein diren azaltzeaz gain, orain arte egindakoak eragiten digun harrotasuna plazaratuko dugu bai eta, gutariko bakoitzak aurrera egiteko dugun konpromiso tinkoa erakutsiko dugu.
Egun horretan 18:30ean dugun hitzorduaz gain, eguna girotzeko plan desberdinak aukeran daude: Ezkaban lasterka, Bertso Bazkaria, Mintzodromo erraldoia Gaztelu Plazan, Xamariko eguna, Nafarroako Antzerki Eskolan antzezlan baten estreinaldia…
Bagara nor, eta plaza hartzera goaz
Leave A Comment