Urriaren 11n burutu beharreko Mahai Negoziatzailea hilaren 31an burutu zen, enpresak urrian ezinbesteko gaiak jakinarazi behar zizkigulako:

Zuzendaritza Batzordeak, urriaren 18an, Haurreskolak Partzuergoaren hileroko kuotak kudeatzeko eta haurren onarpen-prozeduraren araudietan txertatutako aldaketak jakinarazi zizkigun ofizialki. Guretzako ezagunak ziren jada, neurri hauek prentsaren bitartez Cristina Uriartek eta Maite Larrañagak lau haizetara zabaldu baitzituzten (hauteskundeei begirako neurriak baitira). Beraz, 2019ko urtarrilaren 1etik aurrera, hauek dira berrikuntzak:

  • 18.000€ baino gutxiagoko diru sarrerak dituzten familientzat Haurreskolak Partzuergoa doainik izango da. Gainontzeko kuotak berdin mantentzen dira
  • Izena emateko epean ez da aurre-ordainketarik egingo.
  • Familia batek bi haur edo gehiago baditu haurreskolan, baten kuota ordaindu beharko du soilik.
  • Berehala hasi behar duen haurrak 10 egun lehenago aurkeztu beharko du dokumentazioa.
  • Barematzerako orduan 4 puntu esleituko dira gurasoak lanean egoteagatik (2 guraso izan ala guraso bakarra izan).
  • 0 kuota duten familientzat hainbat zigor.

Aldaketa hauen harira, STEILASek  eskatu dio:

  • Haurreskolak Partzuergoari:
    • Beharrezkoak diren azalpenak Haurreskoletara eta Udaletxetara bidaltzea, web orrian dokumentazioa gehitzea eta koordinatzaileei formakuntza bereziak ematea.
    • Koordinatzaileek eta/edo hezitzaileek matrikulatu nahi diren familiak ondo atenditzeko behar duten denbora eta baliabideak eskaintzea, beharrezkoa izanez gero arreta zuzeneko denbora murriztuz.
    • Gasteizko haurreskolek beraien matrikulazioaren kudeaketa zuzena egitea edo udaletxeko langileak matrikulazioa gardentasunez eta informazio zuzena emateaz arduratzea.
    • Neurri hauek pertsonal kudeaketako langileengan ekarriko duten lan zama aldez aurretik neurtzea eta beharrezkoak izango diren kontratazioak gauzatzea.
  • Eusko Jaurlaritzari:
    • Doakotasunaren bidean urrats gehiago ematea: ez da nahikoa hartutako erabakia. Haurreskolak Partzuergoak eskaintzen duen zerbitzua doakoa izan behar da, eskola publikoaren lehenengo etapa baita.

2018ko soldata eguneraketa:

Gobernu Kontseiluak funtzio publikorako langileen nominetan ondorengo eguneraketa onartu zuen: 2018ko urtarriletik ekainera arte %1,5ekoa + uztailetik abendura arte % 0,25koa (beraz uztailetik aurrerakoa % 1,75ekoa da). Azaroan 2 nomina jasoko ditugu, bat urtarriletik urrira arteko atzerapenekin eta bestea azaroko nomina eguneratua.

Haurreskolak Partzuergoko langileok Administrazio Publikoko langileekin alderatuz gure eguneraketan eroste ahalmenaren galera izan dugu, Gobernu Kontseiluak ez duelako onartu sindikatuek egindako eskaera: beste langileek Itzarrin duten % 1eko eguneraketa gure nominetan islada izatea. Sindikatuok ez dugu bat egiten Enpresak eta Gobernuak inposatzen digun soldata eguneraketa honekin. Hemen ez da egon inongo negoziaziorik!

Haurreskolak Partzuergoko baremazio-birbaremazioa eta izena emateko deialdia:

DATA

PROZESUA

2018/11/06

HAURRESKOLAK PARTZUERGOKO WEB ORRIAN PUBLIKATU

2018/11/20- 2018/12/03

ESKAERAK AURKEZTU ETA IZENA EMATEKO EPEA

(biak barne)

2019/02/28

Ordezkoen BEHIN-BEHINEKO ZERRENDAK PUBLIKATU

2019/03/01- 2019/03/15

ERREKLAMAZIO EPEA (biak barne)

2019/05/03

BEHIN BETIKO ZERRENDAK PUBLIKATU

2019/05/06

ZERRENDA BERRIEN ERABILERA

2019/05/03- 2019/06/03

GORAKO HELEGITEA SARTZEKO EPEA

2019 ekaina bukaeran

GORAKO HELEGITEEN EBAZPENA

Aholkua: deialdia ondo irakurri!

Hauek dira azpimarratzeko aldaketak:

  • Ikasturte honetako baremazio-birbaremazioan kanpoko lan esperientzia baloratzeko, lan bizitzaz gain aurkeztu behar den enpresa ziurtagirian “Haur Hezkuntzako hezitzaile, teknikari edo irakasle lanetan aritu izana” jarri behar du.
  • Ordezkoen araudian 5.5. atalean jasotzen den bezala, hemendik aurrera lan bizitza aurkeztu behar da egoera babestuetan puntuatzeko, hau da: haurdunaldian, amatasunean, aitatasunean, lan istripuan, haurra/senideak zaintzeko aldi baterako etenean…
  • Beste eranskin bat gehituko da interesatuaren ordez beste pertsona batek dokumentuak aurkeztu behar dituen egoeretarako.

STEILASek argi ikusten du lan eskaintzetarako zonaldeak berrantolatzeko beharra. Enpresari eskaera luzatu dio, eta honek aztertuko duela eta hurrengo urteetan lantzeko gaien artean sartuko duela esan digu.

Kudeaketako langileen LEPa:

Gerenteak, Maite Larrañagak, kontsolidazio LEPa egitea ezinezkoa ikusten du. Beraz, hezitzaileen LEPa bezalako oposaketa-lehiaketa bat egitea proposatzen du. Hau da, bi froga izatea: test moduko bat gehi kasu praktikoa. Bestalde, Enpresan egindako lanak kanpokoak baino gehiago puntuatzea. Helburua bertako langileei erraztasunak ematea izango da.

STEILASek salatu du aurreko Mahai Negoziatzailean jorratu gabe gelditu ziren gaiak oraindik landu gabe ditugula, txanda egunen prozedura eta borondatezko eszedentzien baimena, hain zuzen ere.

Honetaz gain, Eusko Jaurlaritzako ordezkariari eskatu genion Hezkuntza Saileko datuak eta Haurreskolak Partzuergoko langileen datuak bateratzea helburu bikoitza betetzeko: Prest Gara ikastaroetan izena emateko arazoak saihesteko eta Haurreskolak Partzuergoko lan esperientzia Haur eta Lehen Hezkuntzako zerrendetan ofizioz zenbatzeko (iaz hartutako konpromiso hauek aitzakia gabe aurten betetzeko).

Era berean, ikasturte honetan Mahai Negoziatzaileek daramaten dinamika salatu behar dugu. Ez dugu ezer negoziatzeko aukerarik eta informazio trukaketa hutsa besterik ez dira bilera hauek garrantzi bereziko gaiak daude bitartean. Horregatik STEILASek negoziatzeko hainbat gai eraman nahi ditu Mahai Negoziatzailera, baina guztiz blokeatuta aurkitu dugu azken bileretan. Hauek dira, besteak beste:

  • Txanda egunak hartzeko prozedura.
  • Koordinaziorako denbora errealitatera egokitzeko beharra.
  • Hezkuntza Ordezkaritzan puntuatzeko prozedura.
  • Borondatezko eszedentziak hartzeko eskubidea berreskuratzea.
  • Matrikulazioa zabaltzea (otsailetik maiatzera arte) eta Hezkuntzakoarekin bat egitea.
  • Haurreskolak Partzuergoko doakotasuna.
  • Behin-behinekotasun tasa jaisteko hezitzaileen LEPa.
  • Hezkuntza Sailan Haurreskolak Partzuergoa integratu.

STEILASek Haurreskolak Partzuergoaren etorkizuna eta langileen lanpostuen alde borrokan jarraituko du.

2018-11-6 Steilasberri 3