Tamalez, ohikoa bihurtzen ari den bezala, oso eskasak izan ziren atzoko mahai negoziatzailearen fruituak nahiz eta gai ordena luzea izan:

  • Kudeaketa langileen gaiak:

Monografiei eta plantillei sindikatuak egindako ekarpenak ostegunean eztabaidatuko dira Lanpostuak Baloratzeko Batzordean.

Kategoria eta Soldaten ekiparazioa egiteak lan hitzarmeneko aldaketa dakar, beraz, enpresak Eusko Jaurlaritzako hainbat sail eta organotatik behin betiko proposamena pasatu beharko du, indarrean jarri ahal izateko. Behin eta berriz eskatu diogu enpresari gaiari lehentasuna emateko eta epeak ahalik eta gehien laburtzeko.

Ordezkapenak egiteko dokumentuko, ordezkoen araudiko eta barne sustapeneko araudiak borobiltzen ari gara.

Enpresak LEPari buruzko oinarrizko dokumentu bat pasatu digu, baina ez du gai honetan sakondu nahi langileen plantilla, monografiak eta ekiparazioak itxi arte.

  • Hezitzaileen lanpostuen zerrenda:

Enpresak aurkeztutako 2019rako hezitzaileen lanpostuen zerrenda ez dugu ontzat hartu.

Haurren matrikulazio datuak beharrezkoak dira datorren ikasturteko lanpostuen zerrenda egiteko eta enpresak ez dizkigu helarazi, oraindik behin betikoak ez daudelako. Era berean, urtero bezala enpresari aldez aurretik lanpostuen zerrenda aldatzeko irizpide objetiboak erabil ditzala eta horiek argi azal ditzala eskatu diogu. Hala ere, ekainaren 20ra arte enpresak ez dizkigu jakinaraziko haurren matrikulazio datuak, behin-behineko lanpostuen zerrenda eta horiek egiteko erabilitako irizpide objetiboak.

  • Hezitzaileen ordezkoen araudia:

STEILAS sindikatuak 2017an egindako proposamenak berriz aurkeztu ditu:

    • Hezkuntza ordezkaritzara lanera joateko langileak indarrean daukan lan kontratuari uko egin ahal izatea, zigorrik eta ordainsarian eraginik izan gabe.
    • Baremazio/birbaremazioan hurrengo ikasturte osorako “behin-behineko bajan egoteko” aukera izatea.
    • Behin-behineko bajan dagoen langileak lan kontratu bat aurkeztu duelako baremazio/birbaremazio momentuan “lanerako prest” jartzeko aukera izango du zin egiten badu ez duela berriz kontratu bera erabiliko beste lan eskaintza bati uko egiteko.
    • Edozein jarduneko kontraturi uko egin ahal izatea etxetik lanera 50km baino gehiago baldin badaude.
    • Sei hilabete edo denbora gehiagorako lan metaketak kontratu hobekuntzak izatea.
    • Zerrendaren kudeaketan sortutako akatsak “lanerako prest lehentasunekin egoeran” jartzeaz gain, ekonomikoki ere konpentsatzea.
    • Langile bati neurri onuragarria badagokio abuztu osoko soldata ordaindu, langileak kotizatu eta puntuatu ahal izatea.

Oraingoan baliteke enpresak lehenengo hirurak onartzea.

Horretaz gain, Enpresak kontratazioa banatzerakoan erabiltzen duen jokaeraz hitz egin dugu. Enpresa behartuta dago langileari bere zonalde eta jarduna aukeraketan dauden kontratu guztiak eskaintzera. Baina, araudiak ez du langilea kontratu bat baino gehiago hartzera behartzen. Beraz, enpresari, langileei kontratu bat baino gehiago hartzera ez behartzea eskatu diogu, langileak horrela nahi ez badu eta ordezkoen araudian idatziz horrela jasotzea eskatzen diogu.

Langileen lan baldintzen alde borrokan!

2019-6-12 steilasberri15