Batzuk “Geurea” ez dela esango dute. Beste askok ikastetxe pribatuek zerbitzu publikoa ematen dutela eta ez dela zuzena pribatizazio hitza erabiltzea argudiatuko dute. Badira ere espainiar konstituzioko 27. artikulua eskutan hartu eta haien proiektu baztertzailea defendatzeko arrazoiak emango dituztenak. Izango dira ere pribatizazio prozesua bera, oro har, ukatzen dutenak. Entzun izan dugu ere, efizientziaren izenean, dirua aurrezteko eredu baliogarria dela ikastetxe pribatuak diruz laguntzea. Ñabardurak ñabardura eta ikuspuntu berekoi eta indibidual batetik, guztiek helburu berberarekin bat egiten dute eta hezkuntza eredu pribatua zuritu nahian eskola publikoaren zilegitasuna kolokan jartzen dute.

Eta zorioneko dira, bidelagun izango duten EAJren hezkuntza pribatuaren alde egiteko erabakia irmoa baita. Datozen hilabetetan bi ekimen onartuko dira Legebiltzarrean helburu horrekin: Kooperatiben legea eta hezkuntza legea. Jakin badakite garesti ateratzen ari zaigula bi sistema paralelo mantentzea, publikoa eta pribatua. Badakite ere, emaitzak ez direla aurreikusitakoak eta jakitun dira segregazio eta bazterketa egoerak oso larriak direla. Baina hala ere, erabakita dute haien hezkuntza eredua defendatzeko ordaindu beharreko bidesariak direla sistemaren garestitzea eta segregazioa. Eta hor, eroso dago sare itundua, klientelismo politikak tarteko.

Haur Hezkuntzako lehen zikloan dago gako nagusia, hezkuntza sistemarako sarbidean, alegia. Gaur egun administrazio publikoan dagoen iruzurrik handiena da, gizarte banaketa eragiten duena eta pribatizazio maila gorenetan dagoen hezkuntza etapa da. Baina ez da gako bakarra. Cristina Uriarte buru duen Hezkuntza Sailak etapa guztietan sare pribatuko ikastetxeei itunak ematen eta gelak baimentzen jarraitzen du sare publikoan ikaspostuak libre egon arren. Hau da, pribatizatzen jarraitzen du. Horretarako gainera, legea urratu behar badu edo lege urraketen aurrean ezikusiarena egin behar badu, egingo du.

Honetan guztian kezkagarriena ezkerreko sektore handi baten isiltasuna da, konplizitatea. Zorigaitzeko etorkizuna du eskola publikoak horiekin guztiekin. Itxaropen bakarra herri mugimenduan dago, familien, ikasleen eta hezkuntzako langileen esku. Ekin diezaiogun, bada, herriz herri eta auzoz auzo gure euskal eskola publikoaren aldeko eta pribatizazioaren aurkako auzolanari! Publikoaz harro gaudelako!