PNV-PSEren gobernuak erabaki du itundutako ikastetxe pribatuei COVID-19ak eragindako gastuak finantzatzeko 36,6 milioi euro bideratzea. Dirutza hori ondorengorako erabili beharko litzateke:

•Langile berriak kontratatzeko edo lehendik daudenei ordu kopurua gehitzeko
•Irakasleen ordezkapenak ordaintzeko
•Garbiketa gastuetarako
•Material informatikoa erosi edo alokatzeko

Horren harira, STEILAS sindikatuak honakoa adierazi nahi du:

1. Ikastetxe guztietako ikasleen eta langileen osasuna babesteko neurriak ezinbestekoak dira, eta ondorioz, hornikuntza handiagoa beharrezkoa da ikastetxeetan bizi dugun egoerari aurre egiteko.

2. Ikastetxe pribatuen errealitate ekonomikoa askotarikoa da. Deialdian jasotako irizpideek ez dute oinarrizkoa izan beharko lukeen faktore hau kontuan hartzen. Uler genezake benetan baztertzailea ez den eta ekonomikoki larri dabilen ikastetxe pribatu-itundu batetako komunitatearen osasuna babesteko; Jaurlaritzak modu garden batean laguntza ekonomikoa ematea. Zoritxarrez, errealitatea bestelakoa izan da, berriro ere.

3. Gaur egun, diru laguntza esanguratsu hauek jasoko dituzten titulartasun pribatuko ikastetxe askok gaineskaintza egiten dute. Hala ere, COVID-19ak sortutako gastuak finantzatzeko ez dute beraien gaineskaintzan inongo moldaketarik egin behar izan. Ulertezina da, beraz, Lehen Hezkuntzan, adibidez, 30 ordu eskaintzen dituen ikastetxe pribatu bati, langile berriak kontratau edo lehendik daudenei, ordu kopurua gehitzeko partida bat esleitzea.

4. Era berean, zalantza eta kezka handiak sortzen dizkigute laguntza horiek zertara bideratuko diren. Kontratazio berriei dagokionez, nola bereiziko ditu Hezkuntza Sailak kontratazio arruntak eta COVID-19aren eraginez kontratatukoak?

5. Ordezkapenei dagokienez, ikastetxe pribatu itundu guztiek, dagoeneko, ordezkapenak ordaintzeko dirua jasotzen dute itunen bitartez. Diru partida horrek ez du inolako kontrol publikorik. Nola kontrolatuko du Hezkuntza Sailak ordezkapen horiek egiten diren ala ez? COVID-19ak eragindakoak diren ala ez? Gauza berbera gertatzen da “garbiketa”rako gastuekin.

6. Agerian geratu da, berriro ere, EAJrentzat erakunde publikoak bigarren mailakoak direla. Duela gutxi Legebiltzarrean Haurreskola Partzuergoko gerenteak haurreskola publikoetan dauden umeen, familien eta langileen eskubide urraketa aurrekontu nahikorik ez izateari egotzi zion. Gaur, agerian geratu da, dirua egon, badagoela.

STEILASek, enegarrenez, ikastetxe pribatuen gainfinantziaketa eta gainfinantziaketa honen gardentasun eza salatu nahi ditu. Ikastetxe publikoetan asetu gabeko beharrak dauden bitartean 36,6 milioi euro bideratu ditu Hezkuntza Sailak ikastetxe pribatu itunduetara.

Halaber, diru publikoa enpresa pribatuei emateko orduan langileen ordezkariak albo batera utzi ditu, beste behin. Halaber, patronalen eta titularren ardura izan behar zuena, langileen eta ikasleen osasuna babestea, alegia, bere gain hartu du Hezkuntza Sailak.

Kudeaketa honetan guztian, EAJak argi utzi du, berriro ere, Hezkuntzak enpresa pribatua lehenesten duela, zerbitzu publikoaren kaltetan.