Sindikatuok elkarretaratzea egin dugu gaur Hezkuntza Sailak pandemian egindako kudeaketaren inguruan egiten ari den zuritze lana salatzeko

Hezkuntza Sailak langileek ikasturte honetan egindako lana eta esfortzua eskertzeko ekitaldia egin du Odon de Apraiz ikastetxean gaur. Bertan kontzentratu gara Eusko Jaurlaritzaren zuriketa salatu eta baliabide gehiago galdegiteko

Hezkuntzan ikasturtea greba eta mobilizazioekin hasi genuen hezkuntza sailari aurrez aurreko hezkuntza itzulera seguru eta adostua bermatzeko beharrezko baliabide zein neurriak hartzea galdegiteko. Baita lehenagotik ere urgentziazkoak ziren eta pandemiarekin are ageriagoan geratu ziren lan-kargak eta ratioak murrizteko exijitu eta baliabide gehiago jartzeko eskatuz. Ikasturtea amaitzear dago eta formak forma esan dezakegu ez dela sakoneko aldaketarik egon.

Horrela, Komunikabideetan, pandemiaren inguruan hezkuntzan izandako kudeaketaren arrakasta saldu nahi izan bazaigu ere, errealitatea oso bestelakoa izan da.

Aurrez aurreko ikasturtea aurrera eramatea posible izan bada bertako langileek eginiko lanaren , dedikazioaren eta gain karga fisiko zein emozionalaren ondorioa izan da. Osasun prebentziorako materiala eta giza baliabideak ez ziren garaiz iritsi, iritsitakoak ere erabat ez nahikoak izan dira eta ratioak ez dira inoiz jaitsi. Beraz, ikastetxeek plangintza eta protokoloak ahalik eta modu egokienean kudeatzeko egindako esfortzua izugarria izan da. Ikasturtea greba batekin hasi eta greba batekin amaitu behar izan dugu. Horrela Apirilak 22an enplegu publikoa sortu eta kontsolidatzeko sektore publiko osorako deitutako grebak babes zabala izan du Hezkuntza publikoan. Izan ere, Hezkuntza publikoak plantila gehiago eta behin behinekotasun gutxiago beharrezko ditu bere erronkei aurre egiteko.

Datorren ikasturteak hau bezain antzua izaten jarraitzen badu edukietan, mobilizazio dinamikak indartu eta bultzatu beste biderik ez digu utziko.

Horregatik, sindikatuok Hezkuntza Sailari eskatzen diogu propaganda albo batera utzi dezala, eta hezkuntzako langileoi eskerrak ematearekin batera, honek hain beharrezko dituen baliabide, ratio jaitsiera, enplegu sorrera eta kontsolidazioa gauzatzeko beharrezko pausoak eman ditzala.