Atzo, Haurreskolak Partzuergoko ikasturteko bigarren mahai negoziatzailea izan genuen. Oraingoan ere aldez aurretik landu beharreko materialik helarazi ez diguten arren, hemen mahaian bertan landu genituen gaiak:

HEZITZAILEEI DAGOKIONEZ:

Hezitzaileen lanpostuen zerrenda landu genuen lan eskaintza publikoarekin batera. Honen inguruan zera esan behar dugu, momentu honetan, 667 langile finko eta 325 LEP arteko gaudela gaur egun lanean. Datuak hauek izanik eta beraiek nahi izan dituzten irizpideak erabiliz (ez dituzte sindikatuok egin ditugun ekarpenak kontuan hartu ezta negoziatu) 368 lanpostuko eskaintza publiko bat egiteko asmoa dute. Lanpostu horiek Hezitzaileen Meritu Lehiaketa baten bitartez bihurtuko dira finko. Ekainaren 1a baino lehen Zuzendaritza Batzordeak eskainiko diren plazen kopurua onartuko du eta Meritu Lehiaketaren deialdia abenduaren 31a baino lehenago argitaratuko da; bertan azalduko dira prozesuaren inguruko zehaztapen guztiak (baremoak, bete beharreko baldintzak…). Lan Eskaintza Publikoaren emaitzak 2023ko martxoa-apirila bitartean argitaratu nahi dituzte. Ondoren lanpostua lortzen duten langileak, 2023ko irailean finkatuta egon beharko lirateke.

STEILASek aurten Leku Aldatze Lehiaketa egitea eskatu duen arren, LEPa galtzeagatik jaso beharreko kalte ordainak ez ordaintzearren, ez dutela gauzatuko adierazi digute. Hala ere, 2023Ko udaberrian burutuko dute, Meritu Lehiaketaren bitartez finkatu behar diren hezitzaileek lanpostua hartu baino lehen.

KUDEAKETA LANGILEEI DAGOKIONEZ:

Ekainaren 1a baino lehen, enpresak, 26 kudeaketa langileko lanpostu zerrenda sortuko du. Lanpostu hauek Kudeaketa langileen Meritu Lehiaketara aterako dira. 26 lanpostu horiek sortu ahal izateko, enpresak hezitzaileen 34 lanpostu suntsituko ditu, STEILASek 2019ko urtarrilean sinatu ez zuen aurre-akordioan jasotzen den bezala. Kudeaketa langileen Meritu Lehiaketa ere, abenduak 31a baino lehen argitaratu beharko dute.

GAI OROKORRAK:

  • Soldataren %2ko igoera ere apirilean aplikatzeko asmoa omen daukate baina beste behin ere ezin izan dute ziurtatu eta ondorioz, Haurreskolak Partzuergoko langileak izango gara, beste behin ere, dagokiguna jasotzen azkenak.

  • Aurreko STEILASBERRIAN azaldu genuen bezala, enpresak aldizkako lan kontratu finkoak gauzatu nahi zituen langileentzako lanpostu ezegonkorrak sortuz. Baina guk egindako presioari esker, kontratu mota hauek bertan behera utziko dituztela azaldu digute. Lan erreforma berrian jasota dagoen bezala, prestutasuna adierazi dute Lan metaketa kontratuen iraupena negoziatzeko.

Bukatzeko aipatu nahi dugu, gure ekarpen asko ez direla jasoak izan gaurko proposamenean. Hala ere, onartu behar dugu aurkeztu ziguten lehen proposamena baino hobea dela gaurkoa, baina guretzat ezinbestekoak eta haurreskolen biziraupenerako gakoak diren doakotasunaren edo eta matrikulazio kanpainaren inguruan ez dute ezer egingo.

Mahai negoziatzailean landutako gaiak oso sakonak izanik, informazio zehatza jasotzen dugunean irakurketa mamitsuago bat egingo dugu eta afiliatuekin asanbladak egitea ere aurreikusten dugu.

Lanpostuen defentsan eta lan baldintzen alde borrokatzen jarraituko dugu!