Ostiralean, abenduaren 16an, Haurreskolak Partzuergoko zerbitzu buruarekin eta Pertsonal buruarekin batu ginen mahai parekide batean. Urteak pasa dira azken mahai parekidea egin genuenetik, naiz eta lan hitzarmenean 4 hilabetero egiteko beharra jasota egon. Ondorengo artikulu hauek landu genituen:
- 29. artikuluaren, gaixotasunagatik edo istripuagatik lizentziako atal bat, ordainketarena hain zuzen ere. Urte eta erdiko epean bajan gauden denboran %100a kobratu behar dugu. Baja egoeran, urte bat egon ondoren, Gizarte Segurantzak soldataren %75a ordaintzen du soilik. Enpresak zegokigun soldata tartea (%25) ez zuen osatu nahi izan, orduan STEILAS sindikatuak gaia judizializatu zuen. Sententziak gure alde egin zuenetik, horregatik enpresari eskatu behar diogu gure soldata osatzea, lehengo urtea igaro ondoren.
- 39. artikulua: Gaixotasun kronikoren bat edo mugitzeko arazoak dituzten senideei laguntzeko baimena. Enpresak eskaera egiterakoan aurkeztu beharreko dokumentazioa alde bakarrez aldatu du. Ez gaude ados baina ezin izan genuen adostasunetara iritsi.
- 44. artikulua: Norberaren eginkizunetarako baimena. Enpresak, salbuespen egoeretarako, eskaera egiterakoan aurkeztu beharreko dokumentazioa alde bakarrez aldatu du. Bere egitasmoak argiak dira, langileak 3 egun eskatu beharrean 7 egun eskatzea.
- 52. artikulua: 60 urtetik gorakoei zuzeneko arretako denbora murriztea. Murrizketa hauek ez dira ordezkatzen eta haurreskolako lankideen lan karga asko handitzen da. Onartezina dela salatu ostean, enpresak beharrak aztertu ostean ordezkatzeko aukera mahai gainean jarri du. STEILAS sindikatuak honen aplikazioari gertutik jarraipena egingo dio.
- Baimen eta Lizentzien ordezkapenen kudeaketa: eskaeren prozedura, ordezkapenen banaketa… Enpresak, alde bakarrez, ordezkapenen eskaeren eta banaketaren protokoloaren aldaketa egin du. Honek haurreskoletan eragina du. Ordezkagunearen beharra agerian geratu da. Bitartean enpresak protokoloari beste buelta bat emateko prestutasuna azaldu digu.
20. artikulua: Formazio orduen banaketa. Lehenik eta behin haurreskoletan ekintza plana egiteko agintea jaso dugu. Aurrera eramateko, haurreskolaka hezitzaile taldeak elkarlanean egin beharreko lana denez, ezinbestean Haurreskolak Partzuergoak antolatutako formazio ordu kreditu barruan zenbatzeko eskaera egin digu Bigarren eskaera izan da, lehen sorospeneko ikastaroaren atal teorikoa on-line egiteko arazoak izan zituzten hezitzaileak berriz egiteko aukera izatea hurrengo deialdi batean.
Enpresak alde bakarrez hartzen ditu erabakiak eta prozedurak aldatzen ditu, langileei eta alde sozialari komunikatu gabe. Honek ezinegona, ezjakintasuna eta haserrea sortzen ditu langileongan. Landu diren gaietan ez dugu lortu enpresarekin adostasunetara iristea. Dena den, gai batzuen inguruan egindako proposamenen gainean berriro hausnarketa egiteko hitza eman digute.
2022ko, %1,5eko soldata igoeraren atzerapenak ostiralean jasoko genituela ere adierazi ziguten.
Bukatzeko, esan, abenduaren 21an mahai negoziatzaile batera deituak izan garela hezitzaile eta kudeaketa langileen egonkortze prozesuen inguruan negoziatzeko, baina oraindik ez dugu inongo dokumentaziorik jaso eta ez dakigu noiz jasoko dugun ere. Era honetan bilerak emankorrak izatea ezinezko da.
Leave A Comment