Atzo, Haurreskolak Partzuergoko Mahai Negoziatzailea bildu zen. Administrazioaren aldetik ordezkaritza oso eskasa izan zen, hiru kideetatik bi falta izan baitziren.

Administrazioaren asmoa lan hitzarmenaren lehenengo 28 artikuluak lantzea bazen ere, horri ekiteko prozedura ez zegoen batere argi eta ondorioz sindikatu bakoitzak bere ekarpenak modu orokorrean ahoz bota zituen enpresaren feedbacka jaso gabe. Gauzak horrela, hilabete barru landuko ditugu atzo landu beharrekoak, Zuzendaritza Batzordearen eta alde sozialaren artean metodologia egokia ez zelako adostu atzo arte.

STEILAS sindikatuak, 2021eko Lan Hitzarmenaren negoziaketan landutakoa atzoko mahai Negoziatzailera eraman zuen, hori izan baita gure lanketaren oinarria. Dena den, enpresak ez zion garrantzirik eman eta negoziazioa zerotik abiatu nahi izan zuen.

STEILAS sindikatuan negoziazioan murgilduta gaude, Lan Hitzarmenaren inguruko lanketa sakona egiten eta dokumentuak prestatzen. Hurrengo egunetan afiliatuoi lanketa horretan parte hartzeko gonbitea luzatuko dizuegu eta datozen hilabeteetan gauzatuko ditugun bisitetan ere langile orok bere ekarpenak egiteko aukera izango du.

Bileran, gerenteari eta Zuzendaritza Batzordeari, honako gai hauen inguruko informazioa eskatu genien eta gure eskaeretan berretsi ginen:

  • Haurreskolak Partzuergoko haurren onartze araudia eta eman beharreko zerbitzua: 24/25 ikasturterako arratsaldeko zerbitzua bertan behera uztea eskatu genien eta modu berean, onartze prozesuaren baldintzak desagertzea (gurasoen eszedentziak …). Haurren izen-emate aldia otsailera aurreratzea eskatu genien, beste ikastetxeen matrikulazioarekin bateratzeko.

  • Ordezkagunea: aplikatiboa sortzen hasteko oinarriak lantzen ari dira, ondoren araudi proposamen bat helaraziko digute.

  • Nominak modu telematikoan jasotzeko aukera apirilerako aurreikusten dute.

STEILASek negoziaziorako borondatea du, baina adostasunetara heltzeko administrazioaren aldetik eduki errealak eta esanguratsuak jaso behar ditugula ere argi dugu.

Haurreskolak partzuergoko langileen eskubideen defentsan lanean jarraituko dugu!