2017-2018: Iragarritako suspentso baten kronika

Prentsa ohar honen bitartez STEILAS sindikatuak 2017-2018 ikasturteko Hezkuntza Departamentuari egin diogun ebaluaketa jakinarazi nahi dugu.

Hezkuntza kalitatea hobetzeko ituna: Ekainera iritsi gara murrizketen iraulketa osoa bermatuko duen inolako akordiorik gabe eta lan harremanetako hornikuntza esparru argi bat gabe ere. Hau dena departamentutik justifikatu gabeko luzapen konstante baten ondorioz, haustura eta negoziaketa frustratu baten ostean. Gobernua negoziatzera behartu dion bakarra, egindako mobilizazioak izan dira, baina behin eta berriro ahalegindu dira hezkuntza publikoaren finantzazioa handitzeko konpromezua ez hartzeko estrategia mantentzen.

Zerrenden kudeaketa: Hezkuntza Departamentuak argitasun eta balentria eza agertu du elebidunak diren irakasleak pairatzen ari diren diskriminazio kronikoa (euskara-gaztelera) bukatzeko eta zerrendak kudeatzeko sistema egokia sortzeko. Izan ere, ez die erantzuten ez sistemak dituen beharrei ezta urteetan zehar irakasteko gaitasuna erakusten ari diren irakasleen finkapenari. STEILASek proposatu zuen zerrenda integratuak eta oposizioetatik bereiziak egitea eta egokitzat hartu zuten, baina haien proposamenean zerrendak espezialitateka sailkatzen zituzten eta oposizioei lotzen zituzten. Alabaina, azkenean Nafarroan izan den normatibarik okerrena inposatu dute, sindikatu guztiak kontra egonda ere. Egungo araudiko bi artikulu baliogabetzen duen sententzia izan da aitzakia ziztrin eta bakarra, baina sententzia horrek ez du inondik inora behartzen zerrendak eta oposizioak lotzera eta, are gutxiago, lehentasunezko zerrendak birjartzera.

EPE: Prozesu nahasgarria berriro ere. Bi hilabete baino gehiago behar izan zituzten lehen hezkuntza eta bigarren hezkuntzako gorputzen oposizioen deialdi bateratua zentzugabekeria galanta zela onartzeko eta konponbidea bilatzeko. Bigarren Hezkuntzako deialdia akatsez beteta eta gaizki zehaztua egon da. Epeak asko estutu dituzte, plaza kopurua azken unean handitu da… Guzti honek, parte hartu dutenen urduritasuna areagotu du. Eta aurrekoa gutxi balitz, aurkezpen ekitaldian programazio didaktikoaren baldintza formalen aurre ebaluazioa egin dute eta honen ondorioz oposiziotik kanpo eta zerrendetan egoteko aukerarik gabe utzi diete pertsona batzuei. Honek helegite eta arazo berriak ekar ditzake.

Plan eta proiektuak. Hezkuntzako Zuzendaritza Orokorreko zerbitzu ezberdinak, proiektu eta plan ezberdinen sorreran aritu dira buru belarri: aniztasunaren trataerarako, SKOLAE hezkidetzakoa, irakasleen prestakuntza metodologia aktiboetan… ez dugu zalantzan jartzen interesgarriak direnik, baina baliabide mugatuekin irakasleentzat ahalegin gehigarri bat suposatzen du eta lan karga hau dagoeneko gehiegizkoa denez jendea gehiago erretzea ekar dezake.

Gehitu ahalko genuke aurrera ez egiteko frustrazioa hainbat arlotan (hala nola 0-3 zikloaren kudeaketa komunean, hizkuntzen trataera bateratuetako plan berriko inplementazioan, edo lan osasuneko jarduera protokoloetan). Honi batu beharko litzaioke sindikatuekiko etengabeko gutxiespena, haien lana burutzeko beharrezkoa den informazioa eskaintzeko orduan edota arlo ezberdinetako parte-hartzean (derrigorrezkoak diren alderdiak, baina sistematikoki bete ez direnak).

Hau guztia dela eta, Hezkuntza Publiko kudeaketan gobernuak merezi duen kalifikazioa gutxiegi biribila da. Datorren ikasturtean izango du gobernu honek gainditzeko azken aukera. Espero dugu irailean bertan lanean hastea, haien betebeharra lortzeko: akordio programatikoan adostutakoa ezartzea, legealdia bukatu baino lehen.

2017-2018 IRAGARRITAKO SUSPENTSO BATEN KRONIKA. STEILAS. 2017-2018 CRÓNICA DE UN SUSPENSO ANUNCIADO