Iruñeko Euskalgintzak, STEILAS, LAB eta ELA sindikatuok manifestazioa deitu dugu datorren ekainaren 4an haur eskoletan euskarazko ereduaren alde.

Manifestazioa 17:30etan aterako da Golem zinemetatik eta euskaltzale guztiok bertan parte hartzera gonbidatzen zaituztegu. Auzi judizial bidegabeen gainetik, haur eskoletan euskarazko eredua izateko eskubidea dugu!

Iruñeko Euskalgintzak eta hiru sindikatuok honako adierazpen hau publikatu dugu:

 

Autobuseko lehen lerroan jartzeko ordua da

“0-3 urteetan 7.300km egin nituen haur eskolara”. Horixe zioen larunbateko kontzentrazioan 4 bat urteko ttiki batek eskutan zeraman kartelak. Txantrea ez den auzo batean bizi den mutikoa eta 0-3an Iruñeko euskarazko 2 haur eskoletako batean matrikulatua egon dena. Ez dugu haurra ezagutzen eta ez gara pitonisak. Baina Iruñekoa den edonork badaki 30 urte luzez haur eskoletan auzo bakarrean eskaini dela euskaraz ikasteko aukera: Txantrean. Pentsatuko duzuenez, Txantreakoa ez den edonorentzat egunero bere txikia bertaraino eraman eta bueltan hartu behar izatea ez da xamurra, are gutxiago 0-3 adin tartean. Hala ere, urte hauetan guztietan asko eta asko izan dira ahalegin hori egiteko adorea izan duten gurasoak, eta aurkitu izan duten bigarren oztopoa euskaraz eskaintzen den plaza kopuru murritza izan da: eskaintza osoaren %11, 3 urtetik aurrerako matrikulazioan %30etik gorakoa denean D ereduan dagoen eskaintza. Asko eta asko izan dira eta dira urruntasun arrazoiengatik edo plaza faltagatik euskaraz hezteari behartuta eta gogoz kontra uko egin behar izan diotenak.

Egoera horrek haien haurrak euskaldun eleaniztunak izateko erabakia hartu duten gurasoak 30 urtez bigarren mailako herritar bilakatu ditu. Autobuseko lehen lerroan haiek ezin eseri, besteek bezalaxe autobusean igotzeko txartela ordaindu arren. Horixe gertatzen zen beltzekin EEBBetan 50eko hamarkadan. Injustizia mingarri honi UPNk Nafarroako Gobernua eta Iruñeko Udala gobernatu dituen bitartean, bizkarra eman dio eta entzungor egin dio guraso, hezitzaile, euskalgintza, sindikatu, auzo eragile eta alderdi ezberdinek egindako eskaerei: atenditu zezala zegoen eskaera herritarra, hizkuntza-eskubideak urratzen ari zirela eta bi hizkuntza ofizialak ezagutzeak herritarren arteko berdintasuna sustatzen zuela. UPNren erantzun sistematikoa: ez dago eskaerarik eta ez da eskubiderik urratzen. Baina urte hauetan guztietan ez du bitartekorik jarri eskaera zein zen ezagutzeko. Eta euskaraz hezteari uko egin behar izan dioten horiek gaztelerazko hautua egiten zutenen artean zenbatu izan dituzte. Iraingarria eta amorragarria, alde guztietara. “Argi ulertu ez baduzu, autobuseko lehen lerroan ez zara inoiz eseriko”.

Iazko ekainean aldaketa instituzionala eman zen bai Nafarroako Gobernuan, baita Iruñeko Udalean ere. Eta UPNk eta PSNk eskutik helduta jo dute euskararen normalizazioaren eta hizkuntza-eskubideen bermerako urrats oro geldiarazteko: ez daude prest autobuseko lehen lerroa beste inori uzteko. Eta gogor jarduten ari dira, orain lehen bezala. Instituzioetan gehiengorik ez dutenean, auzitegiak erabiliz. Eta hor kokatzen dugu ostiralean Administrazio Auziekiko Epaitegitik etorritako kautelazko neurria.

Epai injustuen aurrean gaur bat egiten dugu eragileok (Iruñeko Euskalgintzak, ELAk, LABek eta STEILASek), honakoa adierazi nahi dugu:

-Udalak ikasturte berrirako 2 haur eskola gehiagotan euskarazko eredua eskaintzeko erabakia hartu eta aurrematrikulazioan hala egin du. Emaitzak argigarriak izan dira oso: bi eskola gehiagotan euskarazko eredua eskainiz plaza kopurua %27ra igo bada ere, plaza guztiak bete eta itxaron zerrenda dago. Bestalde, aurrematrikulazioan egindako inkestak agerian utzi du gurasoen %37k matrikulatu nahi zituela bere haurrak euskaraz. Alegia, 2 haur eskola gehiagotan euskaraz eskainita ere, ez dela plaza nahikorik. Halere, erabaki hori hizkuntza-eskubideen bermerako bidean urrats bat zen eta babesten jarraitzen dugu. Urrats gehiago egon daitezen lan egiten jarraituko dugu.

– Zuen txikiak euskaldun eleanitzak izan daitezen erabaki duzuen gurasoei gure babes eta besarkadarik goxoena. Ez da xamurra behingoz euskaraz hezteko aukera izatea eta egun batetik bestera kendu dizuetela entzutea. Ez etsi, guk ez dugu etsiko.

– Iruñeko Udaleko lau alderdiei: EH Bildu, Geroa Bai, Aranzadi eta I-Eri. Justizia sozialean eta eskubideen bermean ematen duzuen urrats oro babestuko dugu. Auzi judizial injustu honen aurrean instituzioa eta herri mugimendua elkarlanean aritzeko gure prestutasuna adieraztea nahi dizuegu. Eta aldi berea, herritarren borondateari eta eskubideen bermeari erantzuteko guraso hauek egindako hautua gauzatzeko bideak jartzea eskatzen dizuegu.

Autobuseko lehen lerroan esertzeko unea iritsi da Jaun-Andreok. Borroka dezagun gure eserlekua. Ekainaren 4an 17:30ean Golemetatik abiatuko den manifestaziora deitzen dugu nafar jendartea. Eman bidea euskarari, euskaraz bizi nahi dugu eta!