Hezkuntza laikoa bakarrik da askotariko herritarron askatasun bermea. Hezkuntza laikoak soilik erantzuten dio herritar guztion kontzientzia askatasun beharrei, eta jendarte guztiaren aniztasun ideologiko, sozial zein politikoei adierazpide demokratikorako bide ematen dio.

Bide honetan, pertsona bakoitza aske da erlijio bakoitzak markatzen duenaren arabera bizitzeko, baina erakunde publiko oro hauengandik at mantendu behar da, guztiona izanen bada. Honetaz, erlijio guztiek, jendarte zibilean eta kultu lekuetan izan dezakete lekua, inoiz ez ikastetxeetan.

Gai hau pil-pilean izan dugu egunotan Nafarroan, Parlamentura eraman baita bertako ikastetxeetan Erlijio irakasgaiaren klase orduak murrizteko lege proposamena, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerra taldeen eskutik. Zoritxarrez, beste behin ere Geroa Baik ez du izan ausardia politikorik eta kontua Madrilen erabaki behar dela argudiatuz saio bateko murrizketari ezetza eman dio, saio horretan beste arlo batzuk emateari atea itxiz. Honela, lauko gobernuak bere Akordio Programatikoan jasotzen zuena ez du beteko. Madrilera eramatearekin, Espainiako Kongresuan honek izan dezakeen bidearekin ezkor gara
oso.

STEILASen urteak dira laikotasuna bermatzearen alde kanpainak egin ditugula, eta saio murrizketa oro ontzat hartuko genukeen arren, borrokan jarraituko dugu erlijioa ikastetxeetatik at izan arte.

Honen harira hainbat elkarte eta sindikaturen batek egunotan bazterrak nahasi dituzte, neurria aurrera eramatekotan galduko liratekeen irakasle kopuruari erreparatuz. Gaia hurbiletik ezagutzen dugunok aspalditik dakigu sasi-irakasle hauen kontratazioaren irregulartasunak zeintzuk diren: artzapezpikuaren apetazko izendapenak edo behar direna baino saio gehiagotarako kontratatuak izatea. Noiz arte onartu behar dugu
kuriak nahieran gure seme-alabekin egonen diren irakasleak hautatzen jarraitzea eta guztion diruz hori babesten jarraitzea?

Bitartean, irakasle arrunt oro zerrenda publikoetan gora-behera ari da lanpostu duin baten bila, oposizio baztertzaileetan parte hartuz, irakaskuntzarako gaitasun masterrak ordaindu eta ikasiz. Dena esfortzua batzuentzat, abadeen gonapean loriaz gozatuz besteak.

Gure eskoletan irakasten diren erlijioen doktrina ofiziala eta gure legedian dauden berdintasunaren aldeko legeak kontrajarriak dira. Lege hauek parlamentu demokratikoek onartu dituzten bitartean, erlijio  katolikoaren derrigorrezko irakaskuntza frankismo garaitik datorren inposizioa da.

Sinesgai eta erlijiorik gabe heziko duen eskola behar dugu, non horren ordez balore etiko, ez sexista ezta LGTBIfobikoak, edota eskubideak zein irakaskuntza artistikoak landuko diren.

Amaia Zubieta eta Aitor Laka
STEILAS sindikatuko Idazkaritza Nazionalkideak