ESKOLA BARNERATZAILEA EZ DA BITARZALEA

Guztiok sailkatzen gaituzte genitalen arabera, jaio baino lehen, maiz. Eta sailkapen horrek, hein handi batean, markatzen ditu ume jaioberrien itxaropenak, tratua eta eskatuko zaiena. Emakumezkoen edo gizonezkoen kategorietan multzokatu ohi dira pertsonak, eta horrek sekulako arazoak sortzen dizkie.

Intersexualak ditugu, hasteko. Genitaletan ezaugarri maskulinoak eta femeninoak dauzkate eta zaila gertatzen zaie medikuei multzo batean edo bestean sartzea. Sistemak, oro har, ez du onartzen kategoria batean ez kokatzea eta, horregatik, ume sortuberri askori kirurgia sexu zuzentzailea egiten zaie; sarri, irentze gisako zer edo zer. Eskola guztiz bitarzalea ez balitz, gurasoek ez lukete izanen hainbesteko larritasunik umeak sailkatzeko.

Hurrena, transak. Horien sexu sentitua ez dator bat jaiotzean esleitu zietenarekin, oker esleitu ere, genitalak aintzat harturik. Ume horiek, genero identitatearen armairutik ateratzen badira, trantsizio soziala egin behar dute diren bezalakoak agertzeko (horrekin batera gorputzen aldaketak egin ditzakete edo ez). Batzuk identifikatzen dira gizonezkoen eta emakumezkoen kategoriekin eta beste batzuk genero identitate ez-bitarra dute. Hortaz, trantsizioak aiseago egiten dira generoaren aldetik hain polarizatuak ez dauden ikastetxeetan eta nerabeek ez dute hainbesteko presioa nabaritzen beraien gorputzak aldatzeko, tratamendu farmakologikoen edo kirurgikoen bidez.

Ondoren, genero adierazpenaren estereotipoekin bat ez datozenak. Bitartasunak izugarri markatzen du norberaren genero adierazpidea eta baztertzen ditu eredu maskulino eta femenino hegemonikoetatik aldentzen direnak. Presio bitarzalea kenduta, bakoitzak nahi duen bezala adieraziko luke generoa eta ez legoke inongo oztoporik hori aldatzeko.

Heteroaraua hausten dutenak dira hurrengoak. Gure ikastetxeetan lesbiana, gay, bisexual, pansexual edo asexual ugari dago ikasleen artean, baita irakasleen artean ere, eta usu erasorik ez izateko armairuan ezkutatu behar dute. Heteroarauak eredu sexu-afektiboa zorrotz kateatzen du eta, horregatik, bitartasunik gabeko sistema jariakorrak eta ez-polarizatuak lagunduko luke heteroaraua suntsitzen.

Azkenik, ikasle guztiek pairatzen dute heteropatriarkatua. Horra: hezkuntzak iraunarazi ohi du sexu eta genero bitartasunaren eta generoen arteko osagarritasunaren diskurtsoa. Horrela, ikasleek gizakien ikusmolde dikotomikoa indartzen dute eta, era berean, betikotzen dira sistema heteropatriarkalaren botere harremanak, bortizkeria matxistaren oinarri. Mutilek moldatu behar dute maskulinitatearen eredu menderatzailera eta neskek, aldiz, menpeko eredura, baztertuak ez gelditzeko eta jazarpenik ez jasateko.

LOMCEk eta lege honetatik eratorriko legeak, Heziberrik esate baterako, egoera are gehiago okertu dute. Ikastetxe askotan bitartasunetik eta heteroarautik pixka bat aldentzen ziren, edukiak ikusteko modu bakarra baitzegoen herritartasunerako eta giza eskubideetarako hezkuntza arloan, baina LOMCErekin desagertu egin da. Aldi berean, erlijio doktrina sustatu da, batez ere katolikoa. Horregatik, ezinbestekoa da LOMCE eta bere aterkipean garatu direnak derogatzea eta bestelako bidea garatzea: pedagogia feministarena eta eskola laikoarena.

STEILASek aspaldidanik dihardu pedagogia feministaren bidean. Horren lekuko dira azken urteotan Emakume Idazkaritzak eta LGTBIQ taldeak sortutako unitate didaktikoak eta gidak. Hemendik gonbita luzatzen dizuegu ikas material hauek erabiltzeko zuen eskoletan bitartasuna eta heteropatriarkatuaren aurka borrokatzeko.