Zer gara?

  • Hezkuntzako langileen sindikatua gara, irakasle eta ez irakasleen topalekua, haur eskoletatik unibertsitateraino hartzen ditugu gure baitan. Geurea hezkuntza delako.
  • Euskal Herriko sindikatua, Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan dihardugu 1977tik.
  • Ezkerreko sindikatua, gobernu eta patronalen erasoei erantzuteko eredu sindikal borrokalaria eta dinamika parte hartzailea bultzatzen dituena.
  • Jarduera esparru laboraletik haratago eramaten dugu. Jendarte mugimenduekin elkarlanean aritzen gara eraldakuntza soziala bultzatzeko.

   Zer aldarrikatzen dugu?

  • Langileen eskubideak. Gure lehentasuna langileen eskubideak dira: lan baldintza egokiak, enplegu egonkorra eta kalitatezkoa, lan osasuna, berdintasuna, lan banaketa, baita ordezko eta gazteen eskubideak ere, azken horiek baitira ahulenak.
  • Gure hezkuntza eredua. Pertsonen garapen integrala eta kritikoa bermatzen dituen hezkuntza sistema da, gizarte kohesioa, euskalduntzea, hezkidetza, kalitatea, bakea eta elkarbizitzarako hezkuntza bermatzen dituena. Euskal Eskola Publikoa ardatz duen eredu bat, inklusiboa, laikoa, parte-hartzailea eta demokratikoki kudeatzen dena hain zuzen ere.
  • Geure nortasuna herri gisa. Gure etorkizuna erabakitzeko eskubidea aldarrikatzen dugu. Pertsona, ideia eta proiektu guztiak kontuan hartuko dituen etorkizuna, non normalizazioaren bidean elkarrizketa eta giza eskubideak izango diren oinarri.
  • Gizarte eredu berria. Gure xedea zerbitzu publiko indartsuak, aberastasunaren banaketa, garapen jasangarria, nazioarteko elkartasuna, kulturartekotasuna, generoaren arteko berdintasuna eta eskubide sozialak bultzatzen dituen gizartea da. Aldi berean, borrokan jarraituz, militarismoaren, xenofobiaren, LGTBIQ-fobiaren, globalizazio neoliberalaren, pribatizazioen, inperialismoaren eta gizarte eskubideen murrizketen kontra egiten dugu.
  • Feminismoa. Feminismoa dugu eraldaketarako ardatz. Emakume eta gizonezkoen arteko berdintasun formal zein erreala ezinbestekoak dira gure gizarte eredu proposamenean. Hezkidetza jorratzen dugu burubelarri.

   Zer eskaintzen dizugu?

  • Sindikatuaren bizitzan eta erabakietan parte hartzea. Zure iritzia zuzenean eman dezakezu, batzarretara bertaratuz edo guri beste modu batez helaraziz.
  • Aholkularitza eta arreta pertsonalizatua. Eguneroko arazoetan lagunduko zaitugu: kontratuak, nominak, erretiroak, gizarte-segurantza kontuak, eskubide laboralak, espedienteak, lan osasuna, arautegiak, deialdi publikoak…
  • Argibide zerbitzua. Lan munduari, hezkuntzari eta esparru soziopolitikoari buruzko argibideak eskaintzen ditugu. Gure argitalpenak webgunean edo posta elektronikoz eskura izango dituzu.
  • Zerbitzu juridikoak. Doako aholkularitza izango duzu, era zuzenean zein telefonoz. Baita erreklamazioak edo helegiteak bideratzeko laguntza ere. Zure interesak ordezkatuko ditugu behar denean eta behar denaren aurrean.
  • Hezkuntzako material osagarriak. Izango dituzu eskuragarri: EPE prestatzeko materialak, hezkuntzako monografikoak, unitate didaktiko espezifikoak (Hezkidetza, LGTBIQ, kooperazioa…) eta abar.
  • Eilastasuna. Nazioarteko elkartasunerako fondo sustatzen dugu hezkuntzari lotutako proiektuak bultzatzeko.
  • Prestakuntza. Oinarrizko trebakuntza sindikala ematen diegu gure delegatu eta ordezkariei. Afiliatu guztiei prestakuntza saioak eskaintzen zaizkie.