Hitzarmenak
- EAE Irakaskuntza Publikoa
- EAE Lan Legepeko hezitzaile eta irakasleak
- Haurreskolak Partzuergoa
- Nafarroako Irakaskuntza Publikoa
- EAE Irakaskuntza Pribatua
Ordainsariak
- EAEko irakasle funtzionarioak
- EAEko lan-legepeko irakasle eta hezitzaileak
- Haurreskolak Partzuergoko hezitzaileak
- Nafarroako irakasle funtzionarioen ordainsarien taulak
Oposizioak
Gure historia ez da oraingoa. 40 urte daramagu lanean, gure sorrera 70eko hamarkadan eman baitzen. Urte haietan irakaskuntzako langileen m ugimendua indartsua zen eta beste sektore batzuek bezala asanblada eta lantokietako ordezkarien bidez zegoen antolatuta. Mugimendu haietatik sortu zen STEE-EILAS sindikatua eta gaur egun Hego Euskal Herriko hezkuntza maila desberdinetako ikastetxeetako langileak biltzen ditu, irakasleak, hezkuntza laguntza eta zerbitzuetako langileak, Haur Eskoletatik Unibertsitateraino.
- Euskal Eskola Publikoa aldarrikatzen jaio ginen eta borrokan dihardugu sare publikoa Euskal Herriko errealitatean oinarritutako hezkuntza sistemaren bizkarrezurra izan dadin. Sistema publiko indartsua eskatzen dugu, kualitatiboki nahiz kuantitatiboki. Kontrako haizeak nagusi badira ere, eredu klasista eta pribatizatzaileen aldeko apustua egina dituztenak edo uniformetasun estatala bilatzen dutenak, publikotasuna eta euskaltasuna batzeko konpromezuarekin jarraitzen dugu, guretzat txanpon bereko bi aldeak baitira.
- Eskola inklusiboa, guztion eskola defendatzen dugu, desberdintasun sozial eta muga pertsonalei (fisikoei, psikikoei…) aurre egiteko gai dena, berauek konpentsatzen saiatuz. Aniztasun honek gero eta zentzu handiagoa du, milaka baitira urtero Euskal Herrira etortzen diren etorkinak. Fenomeno hori, guretzat aberasgarria da bi aldeetarako. Horrexegatik, eskolak hainbat gauza bermatu behar du: aukera berdintasuna sustatzea jatorri ezberdintasunak alde batera utzita, arrazoi pertsonal edo sozialen ondorioz sortutako aldeak berdintzea segregazioa ekiditeko, elkartasuna sustatzea eta ez indibidualismoa, lankidetza eta talde-lana lehiakortasunaren aurrean, hezkidetza eta ez sexismoa eta, azken finean, pertsona kritikoen garapen integrala eta ez prestakuntza profesional hutsa.
- Hezkuntzak kalitatezkoa ere behar du izan, gizarte modernoaren erronka berriei erantzuteko modukoa. Baliabideen falta salatzen dugu edonon, ezinbestekoa delako hezkuntza gastua handitzea, Administrazioaren inplikazio zuzenarekin. Horrela hezkuntza sistema integrala, laikoa, euskalduna, dohainik 0 urtetik hasita, kohezitzailea, solidarioa eta parte hartzearen aldekoa, euskal gizartearen pluralismoa berea egiten duena lortuko dugu.
- Euskararen defentsa eta normalizazioaren aldeko mugimenduan gure inplikazioa handia izan eta izaten da, aldi berean, langileak euskaraz birziklatzea bultzatu dugularik. Eskolak ikasleriaren euskalduntzea bermatu behar duelakoan gaude, aukera berdintasuna eta kohesio sozialaren mesederako. Hizkuntza normalkuntza eta uztartze sozialerantz joan behar duen prozesu honetan malgutasunez ezarritako murgiltze planen bidez, ereduen sistema gainditzera iritsi behar dugu.
- Sindikatu nazionala gara -STEILAS hedaturik dago Hego Euskal Herriko lau lurraldeetan-, herri bezala gure etorkizuna erabakitzeko eskubidea aldarrikatzen duena, era demokratikoan eta kanpo esku-hartzerik gabe, Euskal Herrian ditugun egitate ezberdinak kontuan hartuz. Inor eta ezer ezin liteke herri borondaterakoen galga izan. Hamaika kolorez osatutako gizarte bat aberasgarria izan liteke elkarren arteko oinarrizko balore batzuk eta gutxiengoak zein gehiengoak onartutako joko arauak sortzeko gai bagina. Pertsona guztiak, ideia guztiak eta proiektu guztiak, zilegiak ezezik , baliagarriak eta beharrezkoak ere baitira.
Aniztasuna, ideologikoa zein sentimendu nazionalari dagokiona, izan da gure nortasun ikurretako bat. Dogmetatik ihes eginez, amankomunak ditugun baloreetan oinarritzen gara jarrera finkatzeko, elkarrizketa eta ikuspegi irekiz, posible baita desberdintasunak gainditzea. Eta horixe izan daiteke euskal gizarteari egiten diogun ekarpenik garrantzitsuena.
STEILASek uste du gure herriak pairatzen duen gatazkak izaera politikoa duten oinarri historikoak dituela eta bereizkeria nahiz aldez aurreko baldintzarik gabeko elkarrizketa dela konponbidea. Halaber, gure ustez, guztientzako giza eskubideen defentsak, indarkeriarekiko arbuioak eta euskal gizartearen borondate demokratikoarenganako begiruneak osatzen dute pakea eta normalizazio politikoa lortzeko gakoa.
Irakaskuntzako sindikatua gara eta bertan lan egiten dugun langileen eskubideak eta lan baldintza egokiak defendatzen ditugu. Prekarietatearen kontra daramagun borrokak, enplegu egonkortasunaren aldekoak, lan banaketarako neurriek edota lan osasuna eta berdinatasunaren aldekoek argi adierazten dituzte gure lehentasunak.
Baina ez dugu hor gelditu nahi eta gizarte honetako baztertuen ondoan kokatu nahi dugu geure burua: oinarrizko soldata, aberastasunaren banaketa, etxebizitza duina, zaintzarako sistema, garapen jasangarria. Gizarte mugimenduekin batera (feminismoa, internazionalismoa, ekologismoa…) injustiziaren aurrean egiten diren salaketak nahiz mobilizazioetan hartzen dugu parte eta, aldi berean, berdintasuna eta elkartasunaren aldeko proiektuekin bat egiten dugu. Globalizazioaren aurkako mugimenduak aldarrikatzen duen eraldakuntza sozialaren beharra ikusten dugu, uste baitugu “Beste mundua” posiblea dela.
Gure eredu sindikalak ere berritzailea izan nahi du. Gure jatorria asanblada mugimenduan dugunez, eta erabakiak sobirotasun osoz hartzen ditugunez, ez gatoz bat sindikalismo agintzaile eta burokratikoarekin.
40 urte hauetan zehar, STEILASen saiatu gara -eta horretan dihardugu- irakaskuntzako langileentzako topaleku izaten, non Euskal Herria justuagoa, solidariagoa, demokratikoagoa eta libreagoaren bidean, desberdintasuna, injustizia eta inboluzio politikoaren kontra eta Euskal Eskola Publikoaren aldeko kezkak, ilusioak, borrokarako grina, eztabaida, lana eta mobilizazioa konpartitu ahal diren.
Horrelakoak gara eta horrelakoxeak nahi dugu izan