BESTE MURRIZKETA BAT HAURRESKOLAK PARTZUERGOAN

MUTUALIAk Haurreskolak Partzuergoko hezitzaileek onartuta duten gaixotasun profesional bakarra aintzat hartzeari utzi dio: noduloak. MUTUALIAko kudeatzaileekin hitz egin ondoren STEILASek jakin du hezitzaileoi gaixotasun profesional horren onarpena ukatzeko arrazoia klaseak ematen ez ditugula dela.

Gure lanpostuarekin erlazio zuzena duten gihar-hezurdura gaixotasunak gaixotasun profesional moduan onartzeko borrokan gaudela, onartuta dugun gaixotasun profesional bakarra kendu digu MUTUALIAk. Zerk eragin du MUTUALIAren irizpide aldaketa hau? Horrelako eskubide urraketetara ohitzen hasi behar al gara orain? Haurreskolak Partzuergoko langileekiko beste errespetu falta baten aurrean aurkitzen gara eta onartezina da!

Dagoeneko, STEILASek OSALANen eta ARARTEKOan murrizketa berri hau salatu du. Halaber, STEILASek eskatzen die Haurreskolak Partzuergoari eta Hezkuntza Sailari egoera bidera dezaten eta aldebakarrez ezarritako murrizketa berri hori bertan behera uztea exijitu diezaion MUTUALIAri.

LAN OSASUNA LANGILEEN ESKUBIDEA DA!!