ELA, STEILAS, CCOO, LAB eta UGT sindikatuok Azaroak 27 eta 30 bitarteko 4 greba egunak babestera animatzen ditugu ikastetxeetako langileak

Pasa den ikasturtean gauzatutako 3 greba egunei (Martxoak 20 eta Maiatzak 15-16), ikasturte honetan, Urriak 9 eta 10ean, gauzatutako beste 2 greba egun gehitu behar zaizkio jadanik. Bost greba egunek erantzun masiboa jaso dute sektoreko langileen aldetik, jarraipen-maila %65 eta %70 bitartekoa izanik. Era berean, mobilizazio eta manifestazioetara oldean doaz langileak; horrela, ikastetxe batzuetako zuzendaritzek, grebalarien legez kanpoko ordezkatze bidez greba indargabetzeko saiakerak gauzatu dituzten arren, ez dute lortu, kidegoa guztira 9.000 langile ingurukoa bada, 5.000 langiletik gora bildu baitira behin eta berriro greba egun hauetan antolatutako agerraldi eta manifestazioetan.

Urriak 9 eta 10eko greba egunek langileen aldetik izandako jarraipen zabalaren ondorioz, sektoreko patronal nagusiaren zuzendari orokorra (Kristau Eskola), sindikatuoi hilabete horretan bertan negoziazio mahairako deia luzatuko zigutela publikoki adierazi beharrean ikusi zen.

Patronalak mugiarazi ditugu, eta mahaia deitu beharrean ikusi dira, baina azken egunotan mahai gainean jarritako azken proposamena, grebetara eraman gaituzten aldarrikapenetatik urrun dago oraindik, eta 2017ko Azaroan egina zeukaten proposamenarekiko ez dute aurrerapauso nabarmenik suposatzen (sindikatuok mahaitik altxatu ginen). Agerikoa da beraz, patronalen negoziaketarako aldarterik eza.

Egoera honen aurrean, sindikatuoi, publiko egindako mobilizazio eta grebekin jarraitu beste biderik ez digute uzten. Beraz, ikastetxeetako langile guztiak animatu nahi ditugu datozen Azaroak 27 eta 30 bitarteko 4 greba egunak babestu eta antolatuko diren ekintzetan parte hartzera. Baita ikastetxeetan bultzatzen ari garen batzar eta elkarretaratzeetan zein borondatezkoak ez diren zereginetan planto egiteko kanpainan parte hartzera ere benetako negoziazioari ekiten ez dioten bitartean.

Sektoreko langileok ia hamar urtetan egon gara hitzarmena berritu gabe, eroste-ahalmenaren galera metatuak %10etik gorakoak dira, pedagogien modernizazioa, digitalizazioa eta hezkuntza-berrikuntza langileon kontura joan da, lan-kargak handituz jasanezinak izateraino. Sektore honetako langile-kidego batzuk (hezkuntza-laguntzako espezialistak eta haur-hezkuntzako lehen zikloko langileak) ugalduz joan dira azken urteotan, kopuruz eta prekarietatez, eta horiek dira, hain zuzen, feminizatuenak eta baldintzarik txarrenak dituztenak; hori dela-eta, premiazkoa da baldintza horiek hobetzeari ekitea. Jaiotza-tasa gutxitu izanak eragina izan du ikastetxeetan, eta haur-hezkuntzako lehen mailetan hasi dira langileak kaleratzen. Bestalde, zerbitzuen azpikontratazioa ere zabalduz doa, eta horrek kidego jakin batzuen lan-baldintzak prekarizatzea ekarri du bere baitan; 1-DBH eta 2-DBHko irakasleak parekatzea egiteke dago oraindik; eta beharrezkoa da, halaber, Lanbide Heziketa gehiago arautzea.

Euskal Herrian 2018ko Azaroak 22an.

Hitzarmen berri baterako aldarrikapen nagusiak

Enplegua:

Akordio bat, enpleguari eusteko eta gelak balizko ixtearen eraginpeko pertsonala birkokatzeko.

Soldatak:

Eroste-ahalmena berreskuratzea.

1-DBHko eta 2-DBHko irakasleen soldatak parekatzea.

Lanaldia eta lan-kargak:

Irakasleen kasuan, ordu osagarriak erreserbatzea eskolak prestatzeko eta ikasleen jarraipena egiteko, zein urtean dedikazio ez presentzialeko 70 orduren aitortza.

Administrazio eta Zerbitzuetako pertsonalarentzat, lanaldia murriztea.

Lanbide Heziketan lanaldiaren banaketa adostea.

Bereziki prekarizatuen eta feminizatuen dauden kidegoen lan-baldintzak nabarmen hobetzea.

Hezkuntza-laguntzako espezialistak: haien lana irakaskuntza-izaerakotzat hartzea, ordu osagarriak ematea lana prestatzeko eta ikasleen jarraipena egiteko, lanaldia modu erregularrean banatzea irailaren 1etik ekainaren 30era arte.

Haur-hezkuntzako lehen zikloko langileak: haien lana irakaskuntza-izaerakotzat hartzea, lanaldia murriztea, ordu osagarriak ematea lana prestatzeko eta ikasleen jarraipena egiteko.

Euskal Herria, 2018ko Azaroaren 22a.