KUDEAKETA LANKIDEEN EGOERA-MOBILIZAZIOAK

Hilaren 14ean, 11ean kudeaketa langileen bigarren mobilizazio eguna gauzatu ondoren, Mahai Negoziatzailearen gai ordenak mobilizazio dinamika gelditzea zuen helburu. Hala ere, beste behin, Haurreskolak Partzuergoak eta Eusko Jaurlaritzak zehaztapen gabeko proposamena luzatu ziguten sindikatuei.

Maite Larrañagak esan zuen bezala, mobilizazioei esker mahai negoziatzailean orain dela 2 hilabete “egon ezin zen” gaia jorratzen hasi gara: Haurreskolak Partzuergoko kudeaketa langileen kategoria eta soldata ekiparazioa.

Tamalez, gaia garatzeko enpresak proposatutako metodologia ez da gure gustokoa. Prozesuarekin hasteko, Lanpostuen Balorazio Batzordea (LBB) osatzea proposatu digu. Honek, lanpostuen zerrenda proposamena egitea du helburu nagusia. Horretarako, LBBk lanpostuen funtzioak eta dotazioak aztertuko lituzke, langileei eskatuko zitzaizkien betekizunak (titulazioak, esperientzia…) zehaztuko ditu, lan kategoriak eta soldaten erreferenteak proposatuko lituzke eta, azkenik, lanpostu berriak sortzeko proposamena egingo luke. Lan guzti hau egiteko lau kide izendatuko dira: Maite Larrañaga bera, Eusko Jaurlaritzako ordezkari bat eta sindikatuetako bi kide (ordezkaritza mailaren arabera). Hiru astetan behin bilduko dira eta 4 edo 5 batzarretan lana eginda egotea espero dute (maiatzaren erdialdean bukatuta egongo litzateke).

Ondoren, batzordeak egindako lana Mahai Negoziatzailera eramango da, bertan negoziatzeko. Behin adostuta, Zuzendaritza batzordera eramango litzateke ekainean. Bertan onartu ostean, 2019ko irailean lan eskaintza publikatuko lukete. Hiru urteko epea dago LEPa publikatzen denetik deialdia egiteko. LEPa egin ondoren, lan poltsak osatuko lirateke ordezkapenak betetzeko, gure zerrenda propiotik.

Gauzak horrela, martxoaren 6an akordioa sinatu zenetik 9 hilabete pasa direnean, enpresak eginda izan behar zuen lana komisio batzorde batek egitea proposatzen digu. Lotsagarria da! Gainera, proposamenak hasieratik sindikatu baten ordezkaritza kanpoan uzten du. Onartezina deritzogu ordezkari sindikal guztiak aintzat hartzen ez dituen proposamen bat egitea enpresak. STEILAS sindikatuak Maite Larrañagari eta Jon Agirreri eskatzen die bere gain har dezatela ardura hori eta urtarrilean lanpostuen zerrenda duin bat aurkez dezatela mahai negoziatzailean, soldata eta kategoria hezkuntzako langileekin parekatuko duena. Momentu horretatik aurrera enpresak eta sindikatuok beharrezkoa izango den denbora guztia har dezakegu adostasunetara heltzeko, kudeaketa langileen beharrei erantzun egoki bat emateko.

Kudeaketa langileek diozuenez, lan zama handiegia da arduratzen zaituzten beste gai nagusia. Enpresak esan digu 3 langile bajan daudela, baina 4 lan metaketa berri daudenez, ohiko plantilan baino langile 1, 2 edo 3 gehiago egongo direla abenduan eta urtarrilean (bajan daudenak lanera bueltatzen diren heinean). Beraz, pertsonal kopuru aldetik ez dagoela arazorik, dena estalduta dagoela. Gainera, beharra egongo balitz, IVAPeko zerrendetan jendea dagoenez, ez litzateke arazorik egongo jende gehiago kontratatzeko. Gerenteak konpromisoa hartu du Haurreskolak Partzuergoko lan esperientzia IVAPeko zerrendetan puntuatzeko eskaera egiteko (ez ditu epeak zehaztu). Urtarrilaren 14ean kudeaketa langileen ordezkoen araudia negoziatzen hasiko gara, eta dagoeneko bere proposamenean ordezkapenak lehenengo egunetik beteko direla txertatzea eskatu diogu enpresari.

Argi dago Haurreskolak Partzuergoak eta Eusko Jaurlaritzak ez dutela ahalegin handia egin egoerari buelta emateko, langileen aldarrikapenak asetzeko edukiz betetako proposamenik ez dutelako egin. Beraz, 2018ko abenduaren 19a GREBA eguna izango da Haurreskolak Partzuergoko kudeaketa langileentzat, eta Eibar aldarrikapenez josiko dugu.

HAURRESKOLAK PARTZUERGOKO KUDEAKETA LANGILEAK BORROKAN!

2018-12-17 STEILASBERRI 4(1)