IRAKASLEEN EGONKORTASUNA BAI, BAINA BIDEZKO JOKO ARAUEKIN

Hezkuntza Departamentuak iragarritako irakasleen egonkortasun plana sortzeko asmoaren aurrean, STEILAS sindikatuak ondoko hausnarketak partekatu nahi ditu:

Alde batetik, estatuko araudiek galarazi dute jubilazioen birjartze tasa edo lanpostu finkoak behar berrietarako sortzea. Honek ekarri du interinitate ehunekoak handitzea murrizketak gertatu badira ere. Bestalde, Europatik, estatu espainarrari lege-iruzur honekin bukatzeko eskatu zaio, zeren behin-behineko langile kontratazioak egiten baitira izaera iraunkorreko lanpostuetarako.

CCOO, UGT eta CSIF sindikatuek estatu mailako hitzarmena sinatu zuten, egonkortasuna lortzeko oposizio bidezko lanpostu eskaintza zabal batekin, baina hitzarmenak ez zuen aurreikusi deialdien kontrol mekanismorik. Hezkuntzan Ministerioak ezartzen ditu bai gaitegiak, guztiz zaharkituak, bai azterketa ereduak, zenbait zati baztergarriekin. Sistema hau erabat bidegabea da, zeren esperientzia soilik baloratzen baitzaie oposizioko proba guztiak gainditu dituztenei. Pertsona askok jokatzen dute egun bakar batean, ez bakarrik laneko egonkortasuna, baizik eta lanean segitzeko aukera.

Oposizio sistemaren bidegabekeria Nafarroan larriagoa da lotua dagoelako kontratazio zerrenden kudeaketarekin, 51/2018 foru aginduaren bidez, Departamentuak inposatu zuen agindu hau, sindikatu guztien errefusarekin. Bertan lehenesten da oposizioetako emaitzetan oinarritutako kontratazioa, bigarren lerroan utzita irakas esperientzia.

STEILASek uste du ikastetxeetako plantilen egonkortasuna garrantzitsua dela hezkuntza kalitatea bermatzeko, horregatik egonkortasun plan baten aldeko iritzia adierazi dugu. Baina, plan hori lotua baldin badago gaur egungo oposizio eta zerrenden kudeaketa sistemarekin, horren aurka egonen gara zeharo.

Asteleheneko iragarpena, gure ustez, kutsu elektoralista nabaria dauka edo guztiz elektoralista da, edota aurrekontuen onarpenaren azken txanpan gaudela, atentzioa desbideratu nahi dute, ez onartzeko hezkuntzari zuzendutako diru partidak ez direla nahiko itunean jasotako neurriei ekiteko. Ikastetxe publikoetako familiak edo Hezkuntza errealitatea sakon ezagutzen ez dutenak, titular triunfalista horrekin geldituko dira. Hortaz, STEILASek hausnarketa burutsua eskatzen du eta bidenabar, eztabaida bat ikusteko zer-nolako ondorioak gerta daitezke urtetan hezkuntza sisteman lanean ari direnengan. Hain zuzen ere, pertsona hauei laneko egonkortasuna eskaini beharko litzaieke.